Herri Urratsen 40. urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu dute, maiatzaren 14an, Senpereko lakuan

Delirium Tremens, Su Ta Gar, Gozategi, Neomak eta Haixe Arroxa izango dira, oholtzara igoko diren taldeetako batzuk. Aurtengo dirua Senperen egiten ari diren Seaskaren bosgarren kolegioko obrak egiteko bideratuko dute.

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 40. urteurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu dute aurten, Senpereko lakuan. Herri Urratseko antolatzaileen esanetan, “aurtengo urteurren bereziak, programazio berezi bat eskatzen zuen, kalitatezkoa eta zabala. Eta lortu dugula esan dezakegu. Azken asteetan sare sozialen bidez aurten egongo diren taldeen berri eman dugu, eta oihartzun handia izan du”. Hiru gune izango ditu aurtengo edizioak:

Araba izenekoa da horietako bat. Bertan, haurren txokoaz gain, eszenak indar berezia izango duela iragarri dute. “Aurten gainera gune hau aldatuta dator, agertokia lekuz aldatu dugu eta 95 metro luzeko Gune erraldoi batean bilakatuko da”. Hauek dira bertan arituko diren taldeak: Haixe Arroxa, Mutxikoak, Tiktara, Neomak, Zetak, Gozategi eta Holako deluxe.

Lapurdi, berriz, janari loturiko gunea izango da eta bertan, bazkariak alaitzeko Kuxkuxtu txaranga izango da. Goizean Senperetarrak arituko dira kantuan.

Azkenik, Nafarroa Badok guneko aurtengo egitaraua berezia izango dela diote antolatzaileek, “jende gazteari begirako gune honetan jende helduagoari ere lekua egingo diogu”. Ondokoak dira bertan izango diren taldeak: Patxi eta konpainia, Mister Saguak, Xutik, Delirium Tremens, Su Ta Gar eta SFM.

Aurtengo dirua Senperen egiten ari diren Seaskaren bosgarren kolegioko obrak egiteko bideratuko dute.

Zabaldu: