Erakusketak arkeologia ondarearen garrantzia eta ondare hori etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko beharra nabarmentzen ditu. Ekainaren 23ra arte egongo da ikusgai, Gasteizko Bibat Museoan.
Gasteizko Bibat Museoak Herriak, mila urte lurraldean izeneko erakusketa ireki du, Arabako herriek VIII. eta XI. mendeen artean izan zuten bilakaera ezagutzeko. “Erakusketak bizi garen lurraldearen oinarri izan ziren eskualdeko landa eremuko herri txikietako bizimoduaren ikuspegi arkeologiko eta dokumentala eskaintzen du”, azaldu du museoak.
Erakusketan herri kontzeptua aztertzen da: “Herria: Berezko nortasuna duen etxe edo bizilekuen multzoa, maiz landa-eremukoa […]”, Sebastian de Covarrubiasek emandako (1611) eta Euskaltzaindiaren Hiztegian (2025) jasotako definizioaren arabera. Pieza arkeologikoen, argazkien, mapen eta argibide taulen bidez, bisitariak kokaleku horien iraganean murgildu ahal izango dira. Horietako batzuek Arabako paisaiaren parte izaten jarraitzen dute.
Ana del Val Kultura diputatuak adierazi duenez, “erakusketa hau gure historia hurbilenaz berriz jabetzeko aukera bat da; izan ere, herri haiek gure lurraldeari forma eman zioten eta gure nortasunaren parte izaten jarraitzen duten komunitate txikien testigantza bizia dira. Iragana ezagutzeak aukera ematen digu oraina hobeto ulertzeko eta daukagun ondare arkeologiko aberatsa aintzat hartzeko”.
Gaur egunera arte iritsi diren aztarna materialak eta dokumentuak ditu oinarri erakusketak herri horietan bizi izan ziren pertsonen bizimodua berreraikitzeko. Objektuak, tresnak, zeramika zatiak, txanponak eta bestelako aztarnak dira arkeologiak lurpetik atera dituen aurkikuntzetako batzuk, eta horiei esker, nola bizi ziren, nola lan egiten zuten eta nola antolatzen ziren jakin ahal izan dugu.
Erakusketan, gainera, garai hartako erregistroak ere badaude ikusgai, esaterako, “praktikaren aktak”, eguneroko bizimodua egituratzen zuten dohaintzen, salerosketen eta bestelako egintza juridikoen berri ematen dutenak. Egintza horiek gizarte harremanak markatzen zituzten (batzuk kontrol eta menderakuntzakoak ziren). Bereziki garrantzitsua da XII. mendearen amaieran egindako Becerro Galicano izeneko eskuizkribua, Donemiliaga Kukula monasterioan kontserbatzen dena eta Erdi Aroko Arabari buruzko informazio iturri baliotsua jasotzen duena. Izan ere, haren edukien artean, nabarmentzekoa da Donemiliagako golde-nabarra izeneko erregistro paregabea, Arabako 307 herriguneren zerrenda jasotzen duena.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “Donemiliagako golde-nabarra (1025) Penintsulako ipar-mendebaldeko Erdi Aroko dokumenturik garrantzitsuenetako bat da. Herrien eta bakoitzari zegokion urteko zergaren zerrenda luze hori funtsezkoa da garaiko antolaketa soziala eta ekonomikoa ulertzeko. Dokumentu horretan, tokiko komunitateek Arabako gotzaindegiari ordaindu beharreko zergak jasotzen dira, gauzatan ordaintzen zirenak; oro har, burdina edo abereak emanda”.
Donemiliagako golde-nabarrean aipatutako 307 lekuen artean, oraindik ere lurraldean irauten duten herriak daude, nahiz eta batzuk, denboraren poderioz, herrigune handiagoak bihurtu diren. Hauek dira dokumentuan aipatzen diren eta gaur egun ere badiren herriguneetako batzuk: Karkamu (Carcamu), Mendiola (Mendiohla), eta Zalduondo (Zalduhondo), landagune txikiak izaten jarraitzen dutenak, edota Alegria-Dulantzi (Dullantzi) eta Gasteiz (Gastehiz), nabarmen hazi direnak eta 1025ean independenteak ziren lurraldeak integratu dituztenak, hala nola Egileta (Gelhegieta) edo Adurza (Adurzaha).
Leku horietako asko gaur egun ere existitzen dira, eta horrek agerian uzten du komunitateek mendeetan zehar izan duten jarraipena eta eraldaketa.
Lurren banaketa
Erakusketan, argibide taulen bitartez, lurrak nola banatzen ziren eta komunitateak natura baliabideak nola kudeatzen zituen ikusi ahal izango dute bisitariek: herriak laborantza eremuen eta herri lurren inguruan egoten ziren antolatuta, eta horien ustiapena auzo batzarrek arautzen zuten. Gainera, eraikuntza eta etxebizitza motak aztertzen dira. Horietako asko tokiko materialekin egiten ziren, hala nola zura, harria eta buztina.
Erakusketak bizitza erlijiosoan ere sakontzen du, elizak eta hilerriak kultu lekuak ez ezik, komunitatean gizarte kohesiorako gune ere baitziren.
Mostrak “iraganera garamatza, baina herri horiek lurraldearen gaur egungo antolakuntzan utzi zuten aztarnari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Arabako Erdi Aroko historia aztertuz, erakusketak arkeologia ondarearen garrantzia eta ondare hori etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko beharra nabarmentzen ditu”.
Herriak, mila urte lurraldean erakusketa ekainaren 23ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Bibat Museoan.