(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Herrialdeetako eskolartekoak martxan dira

Euskal Herri osoan egingo dira eskolartekoak ekainera bitartean. Finala ekainaren 14an izango da Arantzan eta herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek jokatuko dute honetan.

Gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera emateko asmoz, lehenengo eskolarteko saioak iristen dira udaberriaren atarian. Hala, urtaroak irauten duen bitartean gazteak bertsotan entzuteko aukera izaten da urtero herrialdeetako eskolartekoen bidez.

Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute ekimena eta aurtengoan ere Gipuzkoa izan da eskolartekoa abiatu duen lehenengo herrialdea: dagoeneko jokatu dira kanporaketak Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen. Finala Azpeitian izango da, apirilaren 4an, Elikagunean.

Nafarroan, berriz, ostiralean, martxoan 28, izango dira kanporaketak Doneztebeko Herrigunean bata, eta Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean bestea. Finala apirilaren 11n izango da Pikuxarren, Irurtzunen.

Bizkaitarrek hurrengo astera arte itxaron beharko dute. Martxoaren 31n, apirilaren 2an, 7an eta 9an jokatuko dira kanporaketak Galdakaon, Gordexolan, Igorren eta Durangon, hurrenez hurren. Aurten, berrikuntza gisa, idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 30ean izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta maiatzaren 31n nagusiagoena. Bat-bateko finala ere martxoaren 31n izango da. Biak izango dira Iurretan.

Arabarrei dagokienez, maiatzaren 8an, 9an eta 16an izango dira kanporaketak Aramaion, Gasteizen eta Kanpezun. Finala maiatzaren 24an izango da, Aramaioko kultur etxean, 19:00etan. Txikien saioa ere egun berean izango da.

Azkenik, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko gazteek maiatzaren 24an izango dute sailkatze saioa, Baigorrin eta finala, berriz, ekainaren 7an Itsasun.

Euskal Herriko finala ekainaren 14an izango da Arantzan eta herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek jokatuko dute honetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna