Ibilbide oparoa egin du taldeak zortzi disko grabatu baititu hamabost urte hauetan.
Hamabost urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Hesian taldeak. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez eman du ezagutzera erabakia, “hasiera guztiek bere amaiera dute, eta orain, guri, kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu”, adierazi dute.
Orotara, zortzi disko kaleratu ditu taldeak: Maite Dugu (2007), Herriaren Oihua (2008), Borrokatu eta irabazi (2010), Hitzetik (2011), Hemen eta Orain (2013), Hegalak astinduz (2014), Hesian (2016) eta Hasiera (2018). “Egindakoarekin harro, emandakoarekin pozik eta jasotako guztiarekin zoriontsu” jaitsiko da taldea oholtzatik. “Musika sortu eta partekatu dugu, musikak batu gaitu, barruak hustu, bihotzak bete, eztarriak urratu, arimak biluztu eta hegalak astindu”.
Taldekideek azaldu dutenez, agur esateko unea beste modu batera irudikatzen zuten, “hau ez zen imajinatzen genuen itxiera: bestelakoa irudikatzen genuen, baina errealitateak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu. Tristuraz beteta jakinarazi nahi dizuegu ezingo dugula merezi duzuen eta nahi genuen despedidarik egin”.
Hesianek urtarrilaren 9an eskaini zuen bere azken zuzenekoa Bilbon, “kontzertu hartan sekretu handi baten zama eraman genuen gure baitan. Berezia izango zela esan genizuen, azkena izango zela bagenekielako”, adierazi dute.
“Urte hauetan guztietan emandako kontzertu kopuruaren kontua aspaldi galdu genuen, baina bada inoiz ahaztuko ez dugun zerbait: zuen begiradak, zuen oihuak, zuen babesa, zuen besarkada, malko eta irriak. Zuengatik izan gara izan garen guztia eta bihotzak beterik, bagoaz”.