Hibai Etxebarria musikariak bi triptiko aurkeztu ditu

Hibai Etxebarria (Gernika, 1980) musikariak estudioko bigarren lana aurkeztuko du Loraldia Festibalean martxoaren 31an. TripTics III-IV izeneko disko berriak jarriko du kantaldiaren abiapuntua. 

Intimoa eta pertsonala da TripTics III-IV diskoa (Gaztelupeko Hotsak). Bertan, pianoa eta orkestra dira nagusi. Lan berri honekin Etxebarriak bi triptiko kaleratu ditu: Euskaraaz eta Bouquet. Aurkezpenean azaldu dutenez, triptiko bakoitza bere unibertso musikal sakonaren aurpegi bat da.

Euskarazz ikerketa baten emaitza da, azken urte honetan, Etxebarriak, Ander Garcia eta Carlos Sagirekin batera burutu duena. Euskal musika eta jazzaren fusioan lanean aritu dira, orain arte egin ez den modu batean, euskal melodiak inprobisaziorako material bezala erabiliz, hain zuzen ere. Triptiko honen kantu guztiak euskaraz sortu ditu.

Bouquet-ek berriz, hiru loreri idatzitako kantuak biltzen ditu, Loraldia Festibalerako propio sortuak. Hauen artean Pagotxa abestia dago, Etxebarriak familiari idatzi dion kantu pertsonal eta sakona. Bigarrena, Lotus noir, “beste altxor intimo bat”, frantsesez abestuta. Hirugarrena, musikariaren ustez, inoiz egin duen kanturik ederren da, To a pale orchid, ingelesez. Disko honetan euskarazko kantuak dira nagusi, aipatutako frantsesezko eta ingelesezko bi hauek salbu.

Gaiei dagokienez, bizipen eta esperientzia pertsonalekin oso lotuak daude denak: amodioa, bizitza-heriotza, familia…

Martxoaren 31an Euskalduna Jauregian aurkeztuko du Etxebarriak TripTics III-IV lana. Loraldia Festibalerako bereziki prestatutako kontzertua izango da. Abestiak formatu handian eta orkestrak lagunduta zuzenean entzuteko aukera bakarra izango da Bilbokoa, beraz. Horretarako, hamaika lagun izango ditu ondoan gernikarrak, Xabi Aburruzaga esaterako. Tartean hainbat ezusteko izango dira emanaldian.

Etxebarria musikaren munduan hainbat esparrutan lanean dabilen pedagogo, ikertzaile, dibulgatzaile, konpositore eta ekoizlea da. 20 urte baino gehiago daramatza hainbat proiektutan lanean, askotariko estiloak jorratzen.

Zabaldu: