HIGA!, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egingo dute Gasteizen

Irailaren 6tik 9ra bitartean egingo da, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean eta Oineder Euskararen Rtxean.

HIGA!, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa antolatu dute Gasteizko Udalak eta EHUk. Jardunaldi akademiko ludiko hauek 80 gazte akademiko, ekintzaile eta artista biltzea dituzte helburu, gure hizkuntzak biziberritzeari begira sare bat ehuntzeko asmoarekin. Lehenengo edizioa 2011n egin zen, bigarrena 2018an eta aurten, hirugarrenaren bila doaz. Zehazki, irailaren 6tik 9ra egingo dira, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean eta Oihaneder Euskararen Etxean.

Antolatzaileek argitu dutenez, EHUko Udako Ikastaro Ofiziala izan arren, ez da ekimen akademiko hutsa izango, edo ez behintzat bere osotasunean. Era guztietako jarduerak antolatu dira soziolinguistikan parte hartzen dutenak trebatzeko, etorkizunari begira sareak ehuntzeko eta gazteria hain garrantzitsua den gai honetan aktibatzeko. Arratsaldeetan, elkar ezagutzeko eta bizitza kulturala egiteko aukera egongo da.

Batez ere euskara izango da erabiliko duten hizkuntza, baina, azaldu dutenez, saioak gaztelerara eta ingelerara itzuliko dira, aldi bereko interpretazio zerbitzuaren bitartez, baita Zeinu Hizkuntzara ere beharrik balego. Horretaz gain, ekintzaile guztien arteko elkar ezagutza bermatzeko neurriak hartuko direla nabarmendu dute.

Bestalde, gazteentzako esperientzia aberasgarria izan dadin, eta atzerritik ekintzaileak erakarri ahal izateko, antolakuntzak matrikula, lo egiteko tokia, gosaria eta bazkariak ordainduko dizkie aukeratutako gazteei.

Egitaraua (behin behinekoa, pdf)

Jardunaldiak doakoak izango dira. Bertan parte hartzeko izena emateko epea maiatzaren 21era arte egongo dira zabalik; ondoren, hizkuntza aniztasuna eta izena ematen dutenen inplikazioan oinarrituta, parte-hartzaileen aukeraketa egingo da.

Informazio gehiagorako hemen.

Zabaldu: