Euskal arte eszenikoaren inguruko hausnarketa bat da, hain zuzen, iraganari, orainari eta etorkizunari erreparatuta egindako gogoeta. Agurtzane Intxaurragak azaldu duenez, “ofizioari buruz belaunaldi ezberdinen iritziak, egonezinak eta, batez ere, kezkak eta ilusioak” partekatzeko saiakera bat.
Belaunaldi ezberdineko hiru emakume sortzaileek nolako betaurrekoekin begiratzen dioten euskal arte eszenikoaren iraganari, orainari eta etorkizunari kontatzen du 35 urte eszenara begira dokumentalak. Agurtzane Intxaurragaren, Amancay Gaztañagaren eta Oihana Vesgaren hausnarketak jasotzen ditu, hain zuzen: Intxaurragak, orain dela 35 urte sortu zuen Hika Teatroa; Amancayk 15 urteko ibilbidea ondu du antzerki munduan, eta, besteak, beste, Kamikaz kolektiboko kidea da; eta, Oihana, hiruretan gazteena, Mari Zaunka kolektiboko dantzari eta koreografoa da.
Intxaurragaren arabera, “ofizioari buruz hitz egiteko parada hartu dugu, gure iritziak, egonezinak, kezkak eta ilusioak partekatzeko espazio bat sortu dugu. Oso ariketa aberasgarria izan da, batez ere, betaurreko ezberdinekin begiratu diogulako arte eszenikoaren iragana, oraina eta etorkizunari, bakoitzak ordezkatzen duen belaunaldiko betaurrekoekin”.
Hiru protagonista nagusiez gain, dokumentalak sektorean ibilbide luzea duten ahotsen testigantzak jasotzen ditu. Besteak beste, Maria Pilar Lopez Eskenako lehendakaria; Asier Zabala ADDEko kidea, Maria Goiricelaya zuzendari eta dramaturgoa, Xanti Ugalde Artekaleko kidea, Eneritz Artetxe sortzaile eta antzezlea, Carlos Moran SAREAko kidea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria edota Norka Chiapusso Donostia Kulturako Dantza eta Antzerki zuzendaria.
Guztiek partekatu dute euskal arte eszenikoaren gogoeta, eta, guztien artean sortu dute azkeneko 35 urteko ibilbidearen argazkia. Gainera, etorkizunari begira jarri dira. Era berean, kultur politikak, sektoreko prekarietatea, kulturaren balioa, euskararen presentzia, edota emakumearen papera izan dituzte hizpide.
Chiapussok nabarmendu duenez, “beti da pozgarria Hika Teatroa bezalako konpainia baten 35. urteurrena ospatzea eta euskal antzerkiaren historia azken hamarkadetan eta aldi berean bere etorkizunari buruzko hausnarketa egiten duen dokumentala aurkeztea”.
Antzoki Zaharrean izango da estreinaldia
Dokumentala bihar estreinatuko da, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Antzoki Zaharrean. Ikus-entzunezkoa ikusteko gonbidapena luzatu du Intxaurragak, eta, bertan egon nahi dutenentzako, doako sarrerak Donostia Kulturan (www.donostiakultura.eus) erreserbatu beharko direla jakinarazi du.