Gazteekin sortutako ikuskizuna da. Gazteak mintzo dira eta mintzagai dira. Kasino Zaharreko lorategian, arratsaldeko 19:00etan estreinatuko dute obra.
Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarrekin sortzen duten laugarren ikuskizuna da Gazte. Aurretik Amantalen ahotsa (2012), Itsasoaren emaztea (2013) eta Sagartu (2017) izan ziren. Bederatzi urteko ibilbidea egin dute elkarrekin estetika eta lengoaia propio baten bila, eta halaxe jarraitzen dute oraindik ere.
Hala, ikuskizun berriak euskal dantzak abiapuntu baditu ere, dantza garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartuko ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita. “Euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe, oinarri elektronikoa izango duten erritmoekin dantzatuko dugu, hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroez inguratuta”, azaldu du lantaldeak.
Gazteak mintzo eta mintzagai
“Gazte kaleko dantza ikuskizun gaztea da. Gazteekin egina, gazteak mintzo eta mintzagai, eta publiko orori zuzendua. Betiko gazte sentitzea askoren desio eta ametsa izan arren, gazteen kontra aritzeko joera oso hedatua dago gizartean. Hedatuegia. Pandemia garai honetan, adibidez, komunikabideak segurtasun neurriak hausten dituzten gazteei buruzko albisteekin bete dira. Axolagabekeriaz jokatzea egotzi zaie behin baino gehiagotan, haien jokaerak kriminalizatuz eta haien ahotsa isilaraziz. Baina zer dute gazteek esateko? Zein iritzi dute bizitzen ari garenaz? Zein iritzi gizarte honen egoera politiko sozial eta kulturalez? Zein iritzi gurasoez, hezkuntza sistemaz?”, azaldu du lantaldeak.
Agurtzane Intxaurraga arduratu da ikuskizunaren zuzendaritzaz eta dramaturgiaz. Eneko Gil koreografo eta dantzariak, berriz, koreografiak sortu ditu. Haiekin batera, 16 eta 24 urte bitarteko hamar dantzari arituko dira. Musikari dagokionez, DJ Zigor, Little Martin DJ eta Eneko Dieguez saxofonista izango dira emanaldietan zuzenean jotzen.
Lantaldeak adierazi duenez, “kaleak horren hutsik eta itzalita izan diren garai hauetan, kaleko ikuskizun bat sortzeak, badu errebeldiatik, aldarrikapenetik, badu gutxira arte ohiko zen moduan, plazak jendez gainezka sentitzeko gogo eta ilusiotik. Badu askatasun egarritik eta, batez ere, badu dantza jendeari hurbiltzetik”.
Gazte ikuskizuna bihar estreinatuko dute Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian, arratsaldeko 19:00etan. Larunbatean berriz, Zarautzeko Kalerki jaialdian taularatuko dute gaueko 22:00etan, Munoa Plazan.