Epaimahaikideen iritziz, “oso modu egokian daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua… Gai hauek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak”.
Hika Teatroaren ‘Zorretan’ antzezlanak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Mikel Mendartek (antzerkiazalea), Xabina Claveriek – Urruty (Kultur teknikaria), Xanti Valek (Lezoko Udaleko Kultur teknikaria), Andoni Mutiloak (Publikoaren ordezkaria), Asun Martinezek (Publikoaren ordezkaria) eta Idurre Izagirrek (Publikoaren ordezkaria) osatu dute eta arrazoi ugari eman dituzte Zorretan antzezlanari 25 Donostia Antzerki Saria emateko.
Epaimahaikideen iritziz, “oso modu egokian daude ekarrita taulara antzezlanean jorratzen diren gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua… Eta gai hauek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak”.
Epaimahaiak balioan jarri du gaiari buruzko beste begirada bat landu izana. “Ama-alabaren arteko harremanei, zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzen ditu antzezlan honek, eta hausnarketa sorrarazten du horren inguruan. Gainera, gaia hain sakona izanik, absurdoa eta umorea erabiltzen dira publikoarengana hurbiltzeko modu ezin hobean”.
Obrak beste alde indartsu bat ere baduela nabarmendu dute: “jakin-minak bukaera arte irautearena. Antzezlanak aurrera egin ahala, korapilo asko agertzen dira eta, pixkanaka, askatzen doaz, gauzak argitzen, tentsioa mantenduz bukaerara arte”.
Gainera, antzezleen lana azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. “Antzezleek indar handiz eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta umorea, absurdoa eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute”.
Amaitzeko, antzerki lanaren osotasuna, zuzendaritza lana eta testuaren egokitasuna ere goraipatu dituzte. Bereziki azpimarratu da euskaraz sortutako testua izatea eta egileak berak maisuki zuzendua izatea.
Saria emateko ekitaldia
Hikak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal Mendi artistaren eskultura bat jasoko ditu. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. “25. edizioa ospatzeko, sorpresaz beteriko gala antolatu dugu”. Gainera, lan irabazlea eskainiko da doan.
Gonbidapenak martxoaren 25ean egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.