‘Hil kanpaiak’ filma gaur iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara

Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako filma da. Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez dira antzezle nagusiak.

Imanol Rayo zinemagile nafarraren bigarren film luzea gaur, azaroak 20, iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Hil kanpaiak Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako filma da eta Joanes Urkixok egin du testuaren egokitzapena.

Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez dira Thriller beltz honen aktore nagusiak. Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote eta horrek, berriz, Ertzaintzari, baina hauek iristean, ez da hezurrik egongo. Jarraian, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Seinale txar horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu.

Filmaren grabaketa 2019ko irailean eta urrian egin zuten Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritan. Antzezle taldea, Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, Dorleta Urretabizkaia, Andres Gertrudix eta Patricia Lopez Arnaiz aktoreek osatu dute. Javier Agirre, berriz, argazki zuzendaritzaz arduratu da.

Filma 68. Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak atalean estreinatu zuten. Baina Hil kanpaiak ez da zuzendaria Donostiako jaialdian izan den lehenengo aldia, 2011n Bi anai film luzea aurkezten ere izan zen. Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko Zinema aretoetan ikusi ahal izango dugu Rayoren film berria.

Zabaldu: