Denetara hamar film eskainiko dira irailaren 28ra arte.
Hamazazpi edizioa du aurten hilaren 18an abiatuko den Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Horretarako, urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikulen zerrenda bat osatu dute. Izan ere, zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea da zinemaldiaren helburua. Antolakuntzaren esanetan, “lanak proiektatu eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei modu kolektibo batean aurre egin nahi diegu”.
Gainera, Zinemaldi Alternatiboak elkarlan aktiboa sustatu nahi du, eta, edizio honetan ere, Donostiako eragile eta mugimendu sozialekin elkarlanean antolatu dituzte proiekzioak, “bateko eta besteko borrokari ekarpena egiteko asmoz”: Letaman eta Txantxarreka gaztetxeak, Marruma Kulturalak, Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea, A.Z.G.A., Gurdi Ertz kolektiboa (Zubieta), Komite Internazionalistak, Redher edo Human Conet.
Zinemaldi Alternatiboak Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu nahi izan du eta, bigarren urtez, Palestina izango da kartelaren protagonista, “hala izaten jarraituko du behar adina aldiz”. Irailaren 28an, igandea, Jumana Manna atrtista palestinarraren A magical substance flows into me lana proiektatuko dute Sagueseko frontoian.
Kontakizun ofiziala zalantzan
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “La Infiltrada filmaren ondoren, Un fantasma en la batalla dator”. Euskal gatazkari buruzko film berri bat da, bigarrena bi urte eskasean, eta berriro ere polizia infiltratuak protagonista dituena. Aurtengo Zinemaldian aurkeztuko da. Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. “Bi film gehiago izan zitezkeen, beste bi, gure iraganari buruzko kontakizunaren batailan eragin nahi duten hainbaten artean. Baina kontatzen duten guztia ez da iragana, ez behintzat poliziari dagokionez. Eta gaurkotasunak zabaldu egiten du film horiek jatorrian interpelatu nahi omen zuten “gu” hori. Biak oso testuinguru zehatzean aurkezten direlako”, adierazi dute.
Antolatzaileen esanetan, “lehenengoaren atzetik, bigarrena dator. Gidoia errepikatzen da. Eta ez da kasualitatea bi film hauek orain aurkeztea, bata bestearen atzetik. Poliziaren irudia publikoki zalantzan jarri dute argitara eman diren azken espioitza eta infiltrazio kasuek. Kontakizun berri bat behar zuten poliziaren irudia goraipatzeko, eta zer hoberik horretarako zinema baino. Baina infiltratutako polizien jokabidea zurituz tortura justifikatu nahi dutenen aurrean, Zinemaldi Alternatiboak planto egiten du”. Horregatik, irailaren 20an Infiltrats dokumentala proiektatuko dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean eta, gainera, infiltrazio kasu berrienak azaleratu dituzten ikerketak ezagutzeko aukera izango da La Directa egunkariko kazetarien eskutik.
Donostiak galera bat bestearen atzetik pilatzen duela ere azpimarratu nahi izan dute. “Aurten, Arte Ederrak antzokia Hilton Hotel bihurtzeko zorian dagoela, Dock of the Bay jaialdia desagertu dela ezagutu dugu”. Hamazazpi urteren ondoren, Donostiako zinema dokumental musikalaren jaialdiak agur esan du, “ez dute gustuz egin, horretara behartuta egon dira”. Horrelako kultur ekimenekiko “ardura faltagatik, erakundeen laguntza faltagatik: Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea”.
Jaialdi txiki bat, “ia artisaua”, ekitaldi handiko hiri batean. Dock of the Bay jaialdiak hamazazpi edizio izan zituen. Eta Zinemaldi Alternatiboak, bere hamazazpigarren edizioan, “errekonozimendu xume baina zintzo bat” egin nahi dio. Horretarako, irailaren 25ean, Sin miedo al los cables dokumentala proiektatuko dute Txantxarreka gaztetxean. “Hiriak handitasunaren alde egiten du, baina bada Donostia ekitaldi arranditsuetatik haratago ere. Eta ez dago hiriak bizkarra ematen dion Donostia horretara, herri eta txokoetara, kultura eta zinema eramatea baino poz handiagorik”. Aurten, Txominenean ez ezik, Zubietan ere izango da lehen aldiz jaialdia.
Egitaraua