Hiru antzezlan estreinatuko dira aurtengo Eztena jaialdian

(Argazkiak: Amets Badiola)

Hiru lanak jaialdiaren egunetan soilik ikusi ahal izango dira, ekainaren 21etik 23ra.

Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatzen duen Eztena jaialdia aurten berezia izango dela iragarri dute, izan ere, “Hiru proiektu, 25 sortzaile, probokazio bat” izenpean, antzerkiaren izurritea zabaltzea dute helburu nagusi antolatzaileek.

“Hiru proiektu hiru ikuskizun sortzeko, herrian bertan sortuak hirurak”. Proiektuan parte hartzeko deialdia apirilean zabaldu zuten eta horretara aurkeztutako sortzaileekin taldeak sortu ziren. Azken bi aste hauetan berriz, lanean ibili dira, bakoitza zuzendari edo konpainia batek gidatuta. Horman Poster konpainia familia bereko lau kiderekin lanean aritu da adibidez, Eraikitzen gaituzten hitzak izenez batailatutako proiektua sortzen. Metrokoadroka kolektiboko kideak bere aldetik, zortzi sortzaileekin aritu dira Aldarri proiektuaren inguruan, eta azkenik, Espe Lopez antzerkilaria beste zortzi sortzailerekin osatutako La mirada laborategia zuzentzen ibili da. Hiru lanak Eztena 2019 jaialdiaren egunetan soilik ikusi ahal izango dira, ekainaren 21etik 23ra.

Eztena jaialdiko kideek arte eszenikoak herrian txertatzeko eta antzerkiaren grina zabaltzeko helburuarekin, azken hamar urteetan egindako lanari jarraituz irudikatu dute aurtengo edizio berezia. “Izurritea beraz martxan dago herriko kaleetan eta espazio ezberdinetan, sortzaileak biztanleekin kontaktuan daude eta herriko historioez eta giroaz kutsatzen dabiltza”, diote antolatzaileek.

Biztanleria gertutik ukitu nahi duten halako egitasmoez mintzatzeko hitzaldia antolatu dute gaur bertan, hilak 17, Mikelazulon arratsaldeko 18:00etan. Kultur mediazioaren zenbait adibide izenburupean, Rouge Elea konpainiako Corine Cella-k eskainiko du eta bestelako esperientzien partekatzeari ere irekia izango da zita hau.

Egitaraua egunez egun hemen.

 

Zabaldu: