Bozak, Gaztedi eta Duguna 75 urte dantzan eta Hizketak izango dira ikuskizun horiek. Lehena ostiralean taularatuko da Bira kulturgunean, beste biak, berriz, larunbatean Guggenheim Museoan eta La Fundicion aretoan.
Loraldia Festibalaren edizio honetako azken asteburuak hiru proposamen jarraian bilduko ditu, testuinguru berean ulertzeko moduan: ahotsak (poesia eta musika), gorputzak (dantza) eta oroimena (tradizioaren eta idazkera garaikidearen arteko lotura). Hiru ekitaldiak publiko anitzari zuzenduta daude eta helburu bera dute: euskarazko sorkuntza gaurkotzea, plaza berriak irekitzea eta komunitatea aktibatzea.
Bozak izango da lehena hilaren 27an, ostirala. Bigarren urtez, Bira Kulturguneak eszenatokia jarriko du emanaldi honetarako. Laura Sam, Julie eta Heitxi arituko dira oholtza gainean, banan-banan, poesia, kantu eta melodiak uztartuz. Antolatzaileen esanetan, “hiru estilo, hiru musika begirada, hiru sortzaile: Loraldiak sormenaren alde egiten duen inbertsioaren erakusgarri, etorkizunari gaur bertan ahotsa emateko”.
Larunbat eguerdian, berriz, Loraldiak Gaztedi Dantzari Taldea (Santutxu, 1951) eta Duguna – Iruñeko dantzariak taldeak elkartuko ditu: “bi hiri, bi ibilbide luze, eta 75 urteko ospakizunari lotutako topaketa”. Gaztedik 2026an ospatuko du 75. urteurrena; Dugunak, berriz, 2024an ospatu zuen, eta bi taldeak Guggenheim Museoko zabalgunean batuko dira ikuskizun berezi batean.
Azkenik, larunbat gauean, La Fundicion aretoan, Hizketak sorkuntza garaikideak bi pieza eszeniko aurkezten ditu, eta bietan uztartuko dira dantza (Mizel Theret), kantua (Beñat Achiary) eta soinua (Pierre Vissler). “Ikuskizunaren ardatza memoria da, euskal kultur legatuaren eta idazkera garaikidearen arteko kodeak gainditzeko saiakera gisa”.