Maiatzaren 23an Dantz Point jaialdia egingo da, maiatzaren 29an eta 30ean Iruña Rock, eta ekainaren 5ean eta 6an En Vivo.
Hurrengo udaberrian, Iruñeko Ziudadela hiru musika-jaialdiren agertoki izango da berriz ere. Maiatzaren 23tik uztailaren 6ra bitartean egingo dira, eta Udalaren lankidetza izango dute, izan ere, Udalak prozedura bat ireki zuen urrian, 2026ko udaberrian Ziudadelan egingo ziren musika-proposamenak ezagutzeko. Hala, Udalak lankidetza formalizatuko du hiru jaialdien sustatzaileekin hitzarmenak sinatuta, eta jaialdiak antolatzeko beharrezkoa den azpiegitura-kostua bere gain hartuko du. Sustatzaileak, berriz, kontzertuen eta ikuskizunen programa egiteaz arduratuko dira.
Prozedura horren bidez, Mad 4 Live plataformak sustatutako Dantz Point jaialdia egingo da maiatzaren 23an, larunbata; Irufest produkzioak enpresak sustatutako Iruña Rock, maiatzaren 29an eta 30ean egingo da, eta Last Tour sustatzailearen En Vivo jaialdia, ekainaren 5ean eta 6an.
Denera, sei proposamen jaso ziren, eta hiru alde batera utzi ziren eskatutako datak betetzeko ezintasunagatik eta Ziudadelako kultur programazioaren ildoarekin bat ez etortzeagatik. Iruñeko Udalak aurkeztutako proiektuak aztertu eta hiriarentzako duten interesa baloratu du, bai eta proposatzen dituzten musika-estiloen aniztasuna ere, alorraren aniztasun-helburuekin bat eginez.
• Dantz Point. 2026ko maiatzaren 23an. Helburu publiko, artistiko eta soziala duen musika elektronikoko kultur ekitaldi bat da. Askotariko programazio orekatua eta kalitate artistiko altukoa du, eta tokiko eta nazioarteko artistak arituko dira bertan.
• Iruña Rock Jaialdia. 2026ko maiatzaren 29an eta 30ean. Musikako jaialdi ezaguna eta finkatua da: 2017. urtetik egiten da hirian. Estiloei dagokienez, punka, rapa, hard-rocka eta countrya biltzen ditu, eta Ziudadelan mota guztietako musikaz gozatzeko aukera izatea du xede.
• Envivo. 2026ko ekainaren 5ean eta 6an. Indie, pop eta rock estiloak ardatz dituen jaialdia da. Artista berriak eta errotuak biltzen ditu askotariko musika-esperientzia kartsua eskaintzeko.