Oihaneder Euskararen Etxeak Zaloa Ipiñaren Gorreri bisuala, Alfredo Hernandez Zirikaren Hitz birziklatuak eta Bigara bikotearen Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia lanek osatutako erakusketa anitza antolatu du. Otsailaren 28ra arte egongo da zabalik, eta doako sarrera izango du.
Hiruerreketa, euskararen arte-urak erakusketaren abiapuntuan galdera bikoitza dago: “Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea?”
Erantzun ezberdinak ematen dizkiete galdera horiei hainbat artistak, eta horietako hiru ekarri nahi izan dira Oihaneder Euskararen Etxea hartzen duen Montehermoso kulturunera. Arte garaikidearen barruan euskaraz sortzearen inguruko gogoeta ezberdinek (kezkak, jolasak, dibertsioak, sentsazioak, gogoak eta abar) osatzen dute arte-ur emari kolektibo hau. “Hiru hausnarketa artistiko, euskarazko hiru arte-proposamen, euskararen hiru arte-ur”.
Zaloa Ipiñaren (Bilbo, 1986) Gorreri bisuala. Oraindik ere euskaraz bizitzeko ezintasunak izan badirelako, eta arte bisualetan hizkuntza ez hegemonikoak erabiltzeak deserosotasuna dakarrelako, Gorreri bisuala erakusketak euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu, eta baita hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak ere.
Alfredo Hernandez Zirika (Gasteiz, 1960) Hitz birziklatuak. Salgaien garraioan erabilitako paleten egurretik lortutako letra birziklatuekin egindako lanak dira Zirikak ekarri dituenak. Euskaran, antzinako hizkuntza honetan, artean, poesian… murgiltzeko gonbidapena da. “Euskara modu ezberdin batean dastatzeko gonbita. Agian aitzakia. Beharbada, euskararekin maitemintzen hasteko bultzada”, azaldu du.
Itziar Aranburuk (Donostia, 1975) eta Jon Ander Garciak (Zumaia, 1977) osatzen duten Bigara bikotearen Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia. Erakusketa honen ardatza euskarazko palindromoak dira. Bigara elkarteak euskarazko animalien izenetan palindromo meategi aberatsa topatu du, eta izen horiek abiapuntu hartuta hitz eta letrekin mugagabe esperimentatu. Proposamenak sortzeko gonbita egiten du. Aldi berean, hizkuntzaren hautazkotasuna hausnartzeko eta esanahiaren gailentzea aztertzeko aukera paregabea eskaintzen du ere Abere ba proiektuak. Bestiario klasikoen antzera, testu, hitz eta hizkien bilgunea da erakusketa: etxekotua izan nahi ez duen piztia multzoa. Erakusketak, inpresio mota ezberdinak erabiliz, letrekin egindako 101 ilustrazio, bakoitza dagokion palindromoarekin, eta 40tik gora testu aurkezten ditu, koadro moduan antolatuta. Zenbait egurrezko pieza tartekatzen dira ere koadroen artean, eta bi testu grafiko eta bideo ezberdinek borobiltzen dute lana.
Oihanederrek antolatu duen erakusketa honek ikusarazi nahi du artearen munduan ere hizkuntza bera, gure kasuan euskara, lanerako materia bilakatzen dela: “aldarrikatzeko, jolasteko eta zentzumenak pizteko”.