Getxoko komiki azokan egin zuten 'Margot' komikiaren aurkezpena (argazkia: Xabier Etxeberria)

Historia eta fantasia nahasten dituen komikia aurkeztu dute Etxeberria anaiek eta Arianna Pisani ilustratzaile italiarrak

Margot da eleberri grafiko honen protagonista, bere ama hil ostean zuhaitz bat landatzen du eta ustekabean beherantz hazten da, bere inguruan eragin makurra zabalduz.

Margot izeneko komikia argitaratu dute Xabier eta Martin Etxeberria anaiek Arianna Pisani ilustratzaile italiarrarekin batera. Azaldu dutenez, “irakurle gazteentzat pentsaturiko eleberri grafikoa da Margot, historia eta fantasia nahasten dituena. Ipuin tradizionalen giro fantastikoaz blaitua dago istorio osoa, baina egiazko testuinguru historiko batean kokatua, Landak basamortu izatetik pinudi izatera igaro ziren unean hain zuzen ere”.

XIX. mendearen bukaeran, Gaskoiniako Landetan, Margot izeneko neska gazte batek zuhaitz baten hazia landatzen du bere amaren hiletaren ondoren. Familiako tradizioa da: bizitzak aurrera jarraitzen du. Baina Margotentzat ezerk ez du berdin jarraitzen, bat-batean bere bizitza osoa aldatu egin da. Antzeko sentimendu bat hedatu da Landetan ere, pinuen landatze masiboari buruzko lege berriaren ondorioz: iraganaren nostalgia, kanpotik heldu diren aldaketekiko mesfidantza, are gorrotoa ere… Eta inor konturatu gabe, Margoten zuhaitza beherantz haziko da eta aldaketa arraroak eragiten hasiko da bere inguruan.

Komikiaren istorioa duela zortzi bat urte sortu zitzaien idazle zarauztarrei: “euskaldun ugari bezala, Gaskoiniako Landetara oporretan joan ohi ginen campingera, eta, kasualitatez, bertako pinudi amaigabeak XIX mende bukaeran Napoleon IIIak legez sarrarazi zituela jakin genuen behin. Aurrez, milaka urtetan, hareazko desertua eta zingira baino ez ziren Landak antza denez. Frantziako Sahara deitzen zioten, eta zanko gainetan mugitzen ziren artzainak bertan”.

Historia zati horrek liluratuta utzi zituen idazleak eta, horrekin batera, fantasiazko istorio bat asmatzen hasi ziren: “bere ama hil ostean zuhaitz bat (sagarrondo bat kasu honetan) landatzen du Margot izeneko neska batek eta ustekabean beherantz hazten da, bere inguruan eragin makurra zabalduz”, kontatu dute.

Martinek eta Xabierrek Arianna Pisani artista erromatar gaztearen ilustrazioekin osatu dute eleberri grafikoa, “Internet bidez bere lana jarraitzen hasi ginen, izugarri gustatu zitzaigulako, eta proiektu hau egitea eskaini genion. Duela hiru urte Angulemako komiki azokan aurrez aurre ezagutu genuen elkar”.

Margot Liana argitaletxe espainiarrarekin kaleratu dute lana, “duela bi urte, Getxoko komiki azokan, argitaletxekoak ezagutu genituen, eginda genituen orriak erakutsi genizkien eta asko gustatu zitzaizkien”. Komikiak gaztelaniaz eta euskaraz ikusi du argia, “argitaletxearentzat lehen aldia da liburu bat euskaraz argitaratzen duela”, nabarmendu dute anaiek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna