Jolas berria euskara hutsean garatu nahi izan dute, euskal-komunitateari egunero euskaraz aritzeko tresna berri bat eskaintzeko asmoz. Gainera, gizarte bezala, emakume erreferenteen ezagutza zabalduz, berdintasunerako urratsak emango ditugula adierazi dute aplikazio honen sortzaileek.
EmariAPP sakelarako jolas-aplikazio berria aurkeztu dute Kalaka komunikazioko kideek. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, “aplikazio honen helburu nagusia, gizartean emakumeei dagokien aitortza egitea da. Horrela, euren izen-abizenak ikastea eta egin dituzten ekarpen esanguratsuak zeintzuk diren jakitea lortu nahi dugu. Azken batean, kultura orokorraren parte egitea, denon pentsamenduetan presente egon daitezen”.
Jolas berria euskara hutsean garatu nahi izan dute, euskal-komunitateari egunero euskaraz aritzeko tresna berri bat eskaintzeko asmoz. Gainera, “emakume erreferenteen ezagutza zabalduz, berdintasunerako urratsak emango ditugu gizarte bezala”, adierazi dute.
Aplikazio honen bidez, astelehenetik ostiralera partida labur bat jarriko dute martxan eta emakume erreferente baten bizitzaren inguruko pistak emanez, nor den asmatu beharko du erabiltzaileak, “gehienez bost pista izango dira eta minutu eta erdi iraungo du partidak. Pistak banaka agertzen joango dira, eta gehiago behar duenak, Pista berria botoia sakatu beharko du. Erabiltzailea erantzutera ausartzen denean Erantzun botoia sakatu, eta lau emakumeren izen-abizenen artean aukeratu beharko du”, zehaztu dute sortzaileek.
Kalaka Komunikazioko kideek 2018an sortu zuten Emariak izeneko egitasmoa eta horren bidez, emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma, karta-joko bat eta orain EmariAPP sortu dute.