Punta Begoñan egindako kanpaina arkeologikoak ezusteko aurkikuntza bat ekarri du; historiaurreko aztarnategi baten arrastoak azaldu dira. Honi esker, datu gehiago eduki ahal izango ditugu Euskal Herriko historiako garai ezezagunenetariko bati buruz.
“Horrelako ezaugarriak dituen aurkikuntza baten aurrean zuhurtzia izan behar da, eta ikerketa lanak zorroztasunez egin behar dira. Bada, horrek laborategiko lan intentsua eskatu du, aurtengo ekainera arte iraungo duena; hain zuzen, indusketak berrabiarazten direnera arte”, adierazi du Maria Peraitak arkitektoak. Peraita Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT) eta Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCO Katedrako kidea da, biak ala biak EHUko erakundeak.
Aurkitutako aztarnekin orain arte egindako ikerketen artean, karbono-14 eta termolumineszentzia analisiek Neolitoaren azken etaparen eta Kalkolitoko hasieraren artean kokatzen dute aztarnategia; hau da, duela 5.000 urte. Une horretan hasi ziren orokortzen aire zabaleko giza kokaguneak, eta gaur egungoa bezalako gizarte-egitura konplexuago baterako lehenengo urratsak ematen hasi ziren.
Aurkikuntza ezustea izan da Punta Begoñako ikerketaren zati horretan diharduen EHUko ikerlari taldearentzat; izan ere, Bizkaian ia ez dago mota horretako lekukotzarik, are gutxiago kostaldean. Aire zabaleko giza kokagune horien nolakotasunak asko zailtzen du horiek kontserbatzea eta ikusi ahal izatea. Are gehiago, Bizkaiko kostaldea bezalako gune batean, non eraikin ugari dauden, eta Getxo udalerriko hirigunean bertan. Horrez gain, hondakinen hauskortasuna nabarmendu behar da; izan ere, horiek modu egokian mantenduko direla bermatzeko beharrezkoa izan da aztarnategia estali eta babestea, harik eta eguraldiak berme osoz lan egitea ahalbidetzen duen arte.
Indusketa kanpaina
Une honetatik aurrera, lehentasuna izango da Eusal Herriko historian horren ezezaguna den garai horri buruzko datuak jasotzea. Horretarako egingo den indusketa kanpainan balio didaktikoak nagusituko dira, eta herritarrei zabalik egongo da, indusketa prozesua eta horren emaitzak bertatik bertara ezagutzen joan ahal izateko. Prozesu horren emaitzak behar bezala kontrastatzen diren heinean jakinaraziko dira, betiere ikerketa zientifiko batek eskatzen dituen urratsei jarraikiz. Hala, arreta berezia jarriko zaio gardentasunari eta gizartearen parte hartzeari.
Aztarnategia argitara irten izanak proiektua aberasten du, baina esfortzu osagarri bat egiteko beharra ere badakar, bateragarri egin ahal izateko obra bera eta edukien dibulgazioa eta aukera berriak. Orain arte, praktika akademikoen kanpaina bat jarri da martxan indusketan, EHUko Historiako graduko unibertsitateko ikasleei zuzendutakoa. Horren bidez, euren prestakuntza osatu eta gaitasun berriak eskuratzeko erraztasunak eman nahi zaizkie, etorkizuneko profesional horien enplegagarritasuna bultzatzeko asmoz. Praktiketarako izen-ematea hurrengo astetik aurrera egin ahal izango da, EHUk zehaztutako ohiko bideetatik. Aldi berean, aurkikuntza herritarrei zabaltzeko hainbat jarduera egiten ari dira; esate baterako, berariazko bisitak, familiei zuzendutako jarduerak, eskoletako tailerrak eta etorkizuneko ibilbide eta erakusketak.