‘Hitz Adina Mintzo’ hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa urrian abiatuko da Gasteizen

Hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak zazpi hizkuntza hurbilduko dizkigu edizio berri honetan: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 6. ikasturteak zazpi hizkuntza hurbilduko dizkigu edizio berri honetan: sorabiera, lakota, nasa yuwea, mankanyera, pirineotako euskalkiak eta kalaallisut. Zazpigarrena AnHitzak ekimenetik gerturatuko diren gonbidatuen hizkuntza multzoak osatuko du.

Hala, urriaren 14an Karlos Zurutuza euskal kazetari independenteak inaugurazio hitzaldia eskainiko du Hitzaren jabeak: amazig eta kurdu herrien hizkuntz biziberritze prozesuak izenpean, 12:00etan, Arabako Campusean (EHU). “Gatazka guztien erdigunean hizkuntzak daude, nahiz eta batzuetan zauri hauek ikusezinak diren. Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean ere ez da salbuespenik egon, eta hizkuntzen egoerak mintzo dituzten herrien egoeraren araberakoak dira”.

Urritik abendura bitartean, udaberrian eskaini gabe geratu ziren hiru hizkuntzen txanda izango da: sorabiera, lakota eta nasa yuwea. Urrian Ivan Igartua EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan adituak Alemania ekialdeko sorabiera aurkeztuko du; azaroan, Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea denak, Ipar Amerikako bosgarren hizkuntza erabiliena den lakotaren berri emango du, eta abenduan, berriz, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.

Urte berriarekin batera, gainerako lau hizkuntzen inguruan hitz egingo da Hitz Adina mintzo zikloaren baitan. Urtarrilean, AnHitzak ekimeneko hiru parte-hartzailek beren hizkuntza Gasteizen nola bizi duten kontatuko digute. Horretaz gain, ekimenaren nondiko norakoen berri emango digute, Ruben Sanchez Anhitzak-eko koordinatzailearekin batera. Otsailean, Iruran bizi den Jorge Naur Mango-k mankanyera aurkeztuko du, Guinea Bissauko etnia anitzetako hizkuntzetako bat. Martxoan, Argitxu Camus eta Alberto Angosek Pirineotako euskalkiak ezagutaraztera etorriko dira Oihanederrera, erronkariera eta zuberera, alegia. Zikloari amaiera emateko, apirilean, Txerra Rodriguez eta Eider Palmouk Kalaallisut hizkuntza gerturatuko dute, Groenlandiako inuitek hitz egiten duten hizkuntza.

Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Hala, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak30 euroko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 euro ordaindu beharko da saioko. Karlos Zurutuzaren aurkezpen saioa doakoa izango da.

Zikloan parte hartzen duten EAEko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat eta EHUko ikasleentzat homologatutako ikastaroa izango da (behin gutxieneko asistentzia ziurtatu eta parte-hartze ziurtagiria lortuta).

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: