‘Hitz larrien, irainen eta kitziken hiztegia’ plazaratu du Mintzalasai elkarteak

“Hizkuntza osasuntsu batek bizitzako esparru guztietarako egokia izan behar du”. Ideia horretatik abiatuta, Mintzalasai elkarteak euskarazko hizkera informala garatzeko hiztegi ttipiak argitaratzeari ekin dio.

Mintzalasai elkarteak, hizkera informala garatzeko euskarrien garapenean beste urrats bat eman du. Besta munduan euskararen erabilera garatzeko hiztegia eta Hiztegi Kokina-ren ondoren, orain, hitz larri, irain eta zirikaren bilketa bat proposatu nahi izan du, Hitz larrien, irainen eta kitziken hiztegia izenpean. “Euskal Herrian, zirika gure kulturan sartua da. Lagun artean, familian, ezezagunekin edo boteredunen kontra euskaraz irainka aritzeko sortu dugu argitalpen hau, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako erranaldiak lehenetsiz”, adierazi dute Mintzalasai elkarteko kideek.

Hala, “hiztegi zikina” egin nahi izan dutela nabarmendu dute sustatzaileek, “karrikakoa, egunerokoa, politikoki ez zuzena. Baina erabiltzen ditugun irainek agerian uzten dituzte gure ereduak. Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jendarte baten alde engaiatuak, nahitara baztertu ditugu irain sexista, homofobo, arrazista, lodifobo eta espezistak. Gure praktikak galdekatzeko baliagarria izan dadila”.

Azaldu dutenez, bilduma hau “gonbita bat da: euskara gehiago erabili eta hizkuntzarekin jostatzeko tresna xumea. Horregatik zuen erranaldiak osatzeko metodoa ere gehitu diogu”.

Hiru hiztegiak sarean jarri dituzte eskuragarri, hemen.

Zabaldu: