Solasaldiak Kafe Antzokian eta Biran izango dira (argazkia: Kafe Antzokia)

Hitzen erabilera, gaur egungo militantzia eredua, aisialdia eta etorkizuna mintzagai izango dira Bilboko ‘Oraina kontakizun’ jardunaldietan

Lorea Agirrek, Harkaitz Canok, Mari Luz Estebanek, Hedoi Etxartek, Txabi Landabideak, Katixa Agirrek, Jule Goikoetxeak eta Maialen Lujanbiok hausnartu, gogoeta egin eta eztabaidatuko dute gaur egun horrenbeste entzuten eta erabiltzen dugun errelatu edo kontakizun hitzari buruz.

Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak Oraina kontakizun jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean otsailaren 14tik martxoaren 28ra bitartean. Azaldu dutenez, “elkartzen gaituzten gaiak plazaratuko ditugu jardunaldiotan, izan ere, euskaraz jarduten dugu, eta kulturak batzen gaituen Bilboko herri mugimenduak gara”.

Lau saio antolatu dituzte, lau gairen inguruan: hitzen erabilera, gaur egungo militantzia eredua, aisialdia eta etorkizuna. Hala, Lorea Agirrek, Harkaitz Canok, Mari Luz Estebanek, Hedoi Etxartek, Txabi Landabideak, Katixa Agirrek, Jule Goikoetxeak eta Maialen Lujanbiok hausnartu, gogoeta egin eta eztabaidatuko dute gaur egun horrenbeste entzuten eta erabiltzen dugun errelatu edo kontakizun hitzari buruz: “oraina geu kontatzen ari gara ala kontatzen ari zaizkigu? Nola sortzen da errelatua? Nork kontatu ahal du? Nork ezin du? Zelako kontakizuna dugu honen eta horren inguruan? Nola aldatu/aldatzen da? Nola eragiten digu? Zein errelatu dira gaur egun guretzat berebizikoagoak? Nola aurre egin kontakizun bati…?”

Hizlariok Galder Perez eta Goizalde Landabaso kazetariekin jardungo dira solasean hurrengo egunetan: Otsailaren 14an, Kontakizuna eta hitza Lorea Agirre eta Harkaitz Canoren eskutik; otsailaren 28an, Kontakizuna eta militantzia Mari Luz Esteban eta Hedoi Etxarterekin; Martxoaren 14an, Kontakizuna eta aisialdia Txabi Landabidea eta Katixa Agirreren eskutik; eta martxoaren 28an, Datorren kontakizuna Jule Goikoetxea eta Maialen Lujanbiorekin

Solasaldiak Kafe Antzokian eta Biran izango dira 19:30ean eta parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik programazioabira@gmail.com helbide elektronikora idatziz. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 eurokoa izango da (20 eurokoa langabeentzat eta ikasleentzat).

Zabaldu: