(argazkia: Hitzen Lihoa)

Hitzen Lihoa zikloa egingo dute azaroaren 10etik 16ra, Oiartzunen

Zortzigarren edizio honetan, intimitateaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.

Hitzen Lihoa kultur zikloa antolatu dute izen bereko elkarteko kideek azaroaren 10etik 16ra bitartean, Oiartzunen. Urtero bezala, gai baten bueltan antolatu dute egitaraua. Zortzigarren edizio honetan, beraz, intimitateaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “intimitateari dimentsio kolektibo, kultural eta politikoa eskaini nahi dio 2025eko VIII. Hitzen Lihoak eta, hainbat diziplinaren bidez, intimitatearen eraikuntzan inguruak zein paper betetzen duen gogoetatzeko eta esperimentatzeko plaza eskainiko du”.

Egitaraua

Azaroaren 10ean, astelehena, Intimitate plastikoa pintura-erakusketaren inaugurazioa, 19:00etan, Landetxeko sarreran, tabernaren ondoan. “Intimitatea gai hartuta, margolanak sortzeko proposamena egin diegu Helduen Tailerretako Margolaritza taldekoei eta Idoia Beratarbideren 100tzeko helduen sormen taldeari. Modu librean, banaka edo taldean eta teknika anitzetan, intimitatea jorratu eta begiratzeko askotariko emaitzak ikusiko ditugu. Egindako lanak azaroaren 23ra arte egongo dira ikusgai”.

Azaroaren 12an, asteazkena, Miren Amurizaren Manifestua eta Leire Vargasen Bizi sintetikoak poesia musikatu emanaldia izango dira arratsaldeko 19:00etan, Landetxe Kultur Aretoan.

“Amurizari eskatu genion aurtengo Hitzen Lihoaren manifestua idazteko”, zehaztu du antolakuntzak.

Bestalde, Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak elkarrizketan jarriko dituzte poesia eta musika elektronikoa. “45 minutuan zehar, sintetizagailuek, gitarrek eta teklatu-soinuek eraikiko dute giroa, eta emozio paleta zabaleko puntu batetik bestera eramango gaituzte. Haren gainetik agertuko da poesia, idazlearen ahotsean, emozioei hitzak jarriz”. Gonbidapenak sarrerak.oiartzun.eus webgunean.

Azaroaren 13an, osteguna, 17:00etatik 18:30era, Haur Filosofia saioa izango da Non ezkutatu da nire intimitatea? izenpean. Maitane Nerekan filosofoak intimitateaz hitz egingo du LH 4-5-6ko ikasleekin, Abaraxka Ludotekan.

19:00etan, berriz, pote filosofikoa (Intimitatea pribatua al da beti?) antolatu dute Kastro Berri tabernan. Bertan, intimitateaz hitz egiteko aukera izango da, “beharbada pentsamenduarekin eta hausnarketarekin lotzen ez dugun leku batean: tabernan. Pote filosofikoek horixe baitute ezaugarri: trago bat eskutan hartuta, tabernako elkarrizketa elkarrizketa filosofiko izan dadin ahalegintzen gara. Maitane Nerekanek irekiko digu bidea hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dugu elkarrizketa”.

Azaroaren 14an, ostirala, analisi intimo bat  mahai-ingurua antolatu dute Ula Iruretagoiena (arkitektoa), Miren Guillo (antropologoa) eta Maider Galardirekin (kazetari eta ikerlaria), 19:00etan, Landetxe Kultur Aretoan. “Zeharkatzen ditugun kaleen eta zeharkatzen gaituzten etxeen nolakotasunak intimitate eta harreman batzuk edo beste batzuk sortzen ditu, gure harreman sareak intimitate klase batzuk posible egiten ditu eta beste batzuk kamustu. Intimitatea eremu pertsonal soilera mugatuz politikoki hustutzen da eta ikusezin geratzen dira gai eta gorputz jakin batzuk, hizkuntzaren erabilera etxeko esparru intimora mugatzeak hizkuntzaren zabalpenean eta prestijioan eragiten du,…Baina Intimitatea ere politikoa da, pertsonala politikoa delako. Hiru esparrutatik jarriko gara intimitateari leiho eta ate berriak zabaltzeko asmoz”. Gonbidapenak sarrerak.oiartzun.eus webgunean daude eskuragarri.

Azaroaren 15erako, larunbata, goizeko eta gaueko egitaraua prestatu dute:

11:00etan, Barne-paisaiak lantegia izango da helduentzat, Arizmendienean. Dejabu konpainiaren eskutik. 22:00etan, berriz, Izaki Gardenak taldea oholtzara igoko da. Sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean 12€ edo egunean bertan leihatilan 15€.

Zikloari amaiera emateko, igandean, 10:00etatik 11:30era, II. Liburu Azoka Ttikia antolatu dute Kontzejupean. “Bertaratzen direnek Oiartzungo idazleen aurtengo lanak eskuratu ahal izango dituzte”.

10:30etik aurrera, gainera, Oier Guillanen Aztitza liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute, Kontzejupean. “Herritarron artean irakurriko dugu testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek. Nahi duen orok parte hartu dezake, aurretik izena emanda”. Literaturaz gain, kafea eta bizkotxoak izango dira.

Irakurketa jarraiturako izena eman beharko da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita, urriaren 31 baino lehen.

Azkenik, eguerdiko 14:00etan, bertso-bazkari literarioa antolatu dute, Girizia elkartean. Guillanen Aztitza liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana: bertsotan, berriz, Maider Arregi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin ariko dira bertsoaren eta literaturaren topagune honetan. Sarreren erreserba egin beharko da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita: orokorra 20€, langabetua 15€, bertso-saioa bakarrik 5€.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna