Agurne Gaubekaren iritziz, “erakundeek herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du Bilboko Euskararen Etxean. Honetan, 2024. urtean zehar Euskal Herrian hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dira.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, “iazko hizkuntza eskubideen egoera aurreko urteetako hutsuneen isla ere bada. Euskararen Telefonoaren bidez jaso diren kasu hauek, batez ere, administrazio eta agintari publikoak jartzen dituzte fokuan, araudiez eta lege babesaz ere arduratzen direlako. Baina baita eremu sozioekonomikoko enpresa zein eragileak ere, esparru honetako joko-arauak ere botere publikoek erabakitzen dituztela kontuan hartu behar baitugu”.
Gaubekaren arabera, balantzan gaztelera eta frantsesaren nagusitasuna argiak dira, eta idatziz zein ahoz euskaraz informazioa jaso edo euskara erabiltzeko ezintasun eta trabak daude euskararen lurralde osoan. “Erakundeek herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute, urraketei emandako hainbat erantzunetan”.
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak zehaztu duenez, “2024an, guztira 1.206 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Iazko balantzea osatu duten intzidentziak izan dira 1.112 kexa, 62 zoriontze eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako”. Petriatik gogora ekarri du kasu hauek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla.