‘Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen’ erakusketa EHUko Arabako Campusean ikusgai

Erakusketak bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremana izango du gogoeta gai.

Otsailaren 21ean, astelehena, ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa antolatu du EHUko Arabako Campuseko pabiloian.

Erakusketak bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremana du gogoeta gai. Antolatzaileek azaldu dutenez, “panel batzuen bidez, munduan dauden hizkuntza gutxitu eta indigenen errealitatera gerturatzen gaitu hizkuntza horietan idatzitako kontakizun eta irudien bitartez. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak, bizirauteko hamaika oztopo dituztenak, baina hiztunen lan eta gogoari esker biziberritzeko ahaleginetan ari direnak”.

Irudi eta kontakizunez gain, ikusgai dagoen hizkuntza bakoitzaren egoeraren inguruko informazioa eskaintzen da panel bakoitzean, eta gainera, QR kode baten bitartez, kontakizun horiek jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera.

Nazioarteko Ama Hizkuntzen Eguna dela eta, euskararekin batera, isilarazitako herri indigenetara hurbildu nahi izan da erakusketa honekin, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutzeko.

Erakusketa zabalik egongo da otsailaren 21etik 24ra, baina otsailaren 21ean bisita gidatuak eskainiko dira. Izen ematea: unesco-hizkuntzak.katedra@ehu.eus Ordutegiari dagokionez, otsailaren 21ean 10:00etan zabalduko da erakusketa, eta hurrengo egunetan 8:30etik 20:30era bitartean bisitatu ahal izango da.

Zabaldu: