2024ko otsailaren 3an igoko da oholtzara azken aldiz Bilboko Miribilla Arenan.
Ia hamar urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Huntza taldeak. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez eman dute ezagutzera erabakia. Nekea pilatu ostean, “indarberritzeko astia” behar dutela azaldu dute, “ez da erreza bidea etengo dugula esatea, baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak”. Bidelagun izan dituzten jarraitzaileak eskertzeko ere baliatu dute mezua, “hori izan da bidearen ederrena, eta gehien asebete gaituena”.
View this post on Instagram
2014an sortu zen Huntza, unibertsitate giroan,agertoki gaineko lehen agerpena 2016ko martxoan egin zuen arren. Ia hamar urteko ibilbidea egin du, trikiti doinuak eta euskara Euskal Herriko eta nazioarteko txoko askotara eramanez.
Denbora horretan, 250 kontzertu inguru eskaini dituzte, 30 kantutik gora sortu eta bost disko argitaratu ditu: Orotara bost disko kaleratu ditu taldeak: Ertzetatik (2016), Lumak (2017), Lasai lasai (2018), Xilema (2018) eta Ezin ezer espero (2021).
Taldeak Aldapan gora kantuarekin lortu du oihartzunik handiena, ezbairik gabe, YouTuben entzunaldi gehien dituen euskarazko kantua izatera iritsi baita, ia 14 milioi erreprodukzio lortuz.
Behin betirako izango da legatu hori, eta desio horrekin utziko ditu oholtzak Huntzak, “argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen”.
Agurrak badu data: 2024ko otsailaren 3a. Egun horretan kontzertu berezia eskainiko dute, Bilboko Miribilla Arenan, 20:00etan, gonbidatu ugariren laguntzarekin. Oholtzan izango diren lagunen zerrenda luzea aurrerago jakinaraziko dute. Azkena balitz bezala’, deitu diote azken kontzertu horri, diotenez, halaxe gozatuko baitute ordura arte geratzen zaien kontzertu bakoitza.
Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai: martxoaren 1ean, 10:00etatik aurrera, huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman.