Erakusketaren ardatza paisaia da, pintura generoa den aldetik, eta euskal artistek nola islatu dituzten beren oihaletan Hurbileko paisaiak aztertzen du, bai geografian, bai sentimenduan ere.
Arabako Arte Ederren Museoak bere bildumako ia berrogeita hamar lan biltzen dituen erakusketa ireki du Hurbileko Paisaiak izenpean. Artista gehienek Hego Euskal Herriko paisaiak margotu dituzte. Dena den, eremu mugakideetako beste ikuspegi batzuk ere ageri dira, adibidez, Errioxakoak, bertara joaten baitziren pintore asko inspirazio bila.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “paisaia aspalditik dago presente artean, eta garrantzi handiena hartzen du erromantizismoan, genero autonomo gisa ezartzen denean. Harrezkero, artistak natura modu apart batean esploratzen ausartu dira, eta paisaia erabili dute emozioak, pasioak eta beldurrak adierazteko eta sortzaileen nortasuna eta sentimenduak islatzeko”.
Erakusketaren ardatza paisaia da, pintura generoa den aldetik, eta euskal artistek nola islatu dituzten beren oihaletan Hurbileko paisaiak aztertzen du, bai geografian, bai sentimenduan ere. Hiru atalen bidez, genero horren bilakaerari buruzko ikuspegi zabala eta askotarikoa eskaintzen du laginak: lehena, XIX. mendearen bigarren erdiko pintura: Akademizismotik inpresionismora; bigarrena, gerra zibilera arteko tradizioa eta abangoardia paisaietan; eta hirugarrena, gerra ostean sortutako agertoki berria.
Denera, 39 artisten obrak daude erakusketan, hainbat belaunalditakoak, eta estilo ugari eskaintzen dituzte, proposamen klasikoenetatik hasi eta berritzaileenetaraino. Erakusketan zehar, paisaiaren barruko hainbat espezialitate aztertzen dira, hala nola naturala, hirikoa, itsasokoa eta industria- edo portu-paisaiak, eta, horiei esker, paisaia ikuspegi artistiko askotatik tratatu dela ikus daiteke.
Erakusketa Arabako Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai 2026ko apirilaren 12ra arte.