(argazkia: Nafarroako Bertsozale elkartea)

Ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, plazara itzuliko dira Bardoak

Txapelketa urriaren 2an berrabiaraziko da, osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuta; egun horretan jokatuko dira bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jaunsaratsen. Finala urriaren 17an izango da, Lizarran.

Sei hilabete luze pasa dira Bardoak 2020, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eten behar izan zenetik, Covid-19aren krisiaren eraginez. Bi finalaurreko eta finala gelditzen ziren jokatzear txapelketari amaiera emateko. Ordurako, Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratu zuen finalean parte hartzeko txartela, baina beste bi finalistak zeuden argitzeko. Bata, Goizuetako finalaurrekoan zehaztekoa zen, Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeen artean jokatzekoa zen saioan (joaneko saioan, Anizen, Bertsonautak taldekoek eskuratua zuten lehen puntua). Bestea, Jaunsaratseko finalaurrekoan zen argitzekoa. Han elkartu behar ziren Berako Lamixene eta BaraƱaingo Hego haizea taldeak, txartela nork eskuratu (Tafallan zen jokatua aurretik joaneko saioa, eta beratarrek lortua zuten puntua). Bertan behera gelditu ziren ordea bi saioak, eta baita martxoaren 28rako aurreikusitako finala ere.

Orain, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, plazara itzuliko dira Bardoak, egitasmoa bukatzeko falta zena jokatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, konpromisoa hartu du krisi egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko. Gauzak horrela, aforoak mugatu egingo dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izango da, saio guztian zehar. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira egingo.

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak kantura, egun horretan egingo baitira finalaurrekoak Goizuetan eta Jaunsaratsen. Lehen kasuan, aldez aurretik erosi beharko dira sarrerak, Goizuetako estankoan. Basaburuako saioan, berriz, egunean bertan izango dira sarrerak salgai, aretoan.

Finala, urriaren 17an egingo da, Lizarrako Ikastolan. Finalerako sarrerak aldez aurretik salduko dira, irailaren 28tik aurrera, Ikastolan bertan, eta baita www.bertsosarrerak.eus atarian ere. Saldu gabe geldituko balira, finalaren egunean bertan ere jarriko lirateke salgai, 15:30etik aurrera, leihatilan.

Zabaldu: