(argazkia: Nafarroako Gobernua)

Iaz erositako hamalau pieza berri ikusgai Nafarroako Museoan

Alfonso Ascunce, Alicia Oses, Amaia Molinet, Angela Moreno, Clemente Bernad, Elba Martinez, Fermin Jimenez Landa, Greta Alfaro, June Crespo, Lorea Alfaro, Miren Doiz, Patxi Araujo, Teresa Sabate eta Txuspo Poyo artisten obrak dira.

Nafarroako Museoak Hamalau gehiago aldi baterako erakusketa ireki du, iaz erositako hamalau obra berriak ezagutzera emateko. Erakusketa 2022ko martxoaren 6ra arte bisitatu ahal izango da, eta 2004. eta 2020. urte arteko piezak biltzen ditu, formatu artistiko desberdinetakoak: argazkigintza, eskultura, pintura, eta museoan gutxi dauden diziplinak: hala nola, bideo sorkuntza edo instalazio performatiboa.

Erakusketan belaunaldi ezberdinetako egileen obrak daude ikusgai. Nabarmentzekoa da, baita ere, piezen % 64a emakumeek sortutakoa izan dela. Zentzu horretan, museo-bildumetan emakume artisten lanen presentziaren “defizit historikoa arintzen” lagundu nahi izan dutela adierazi dute antolatzaileek.

Azpimarratu dute, halaber, “obrak orain aldi baterako aurkezten badirela ere, gure ondarearen zati izango direla betiko”. Horregatik, lehen aldiz, bilduma aldi baterako erakusketetarako ohiko aretotik mugitu nahi izan da, eta, horren ordez, museoko solairu guztietan zehar banatutako ibilbide bat proposatu da.

Obrak

Lanen artean lau bideo sorkuntza daude: Greta Alfaroren Decimocuarta estación (2019); Lorea Alfaroren NLB (2019); Elba Martinezen Me confunde todo pero sobre todo me confunde el mar (2007-2020); eta Txuspo Poyoren Y el cuerpo se hizo pantalla o las imágenes no caen del cielo (2020).

Hiru margolan eskuratu dira: Alfonso Ascuncek 2019an sortutako Interior (mihise gaineko olioa); Alicia Osesek 2011n egindako Cuadro 1 (mihise gaineko olioa); eta Teresa Sabatek 2016an egindako Pamplona-Iruñea (haria eta mihise gaineko pintura).

Programa osatzen da Clemente Bernaden Donde habita el recuerdo (2004-2005) argazkiekin eta Amaia Molineten Es posible que la Tierra quisiera ser como antes de que existiera (2017) lanarekin. Horiei Patxi Araujok 2014an egindako Turba instalazio performatiboa gehitu behar zaie.

Eskulturuei dagokienez, June Cresporen Mismo calor (2018) eta Miren Doizen Totem (2020) aukeratu dira. Horiei Angela Morenoren En los sueños van a los ojos y susurran caricias de mares agitados (ehuna, marrazkia eta grabatua), 2020an egina, eta Fermin Jimenez Landaren El nadador  (2013an egindako bost argazki eta bideo bat) gehitu behar zaizkie.

Bisita lagunduak, mahai-ingurua eta katalogoa

Urriaren 27an, asteazkena, mahainguru bat egingo da balorazio batzordeko kideekin. Gainera, artistekin topaketa bat egingo da, aurrerago iragarriko den data batean.

Laster, erakusketaren katalogo bat argitaratuko da, eta bertan artelan guztien fitxak eta argazkiak bilduko dira, artistek idatzitako testu laburrekin, erakusketaren instalazioko argazkiekin eta komisarioaren testu batekin batera.

Zabaldu: