‘Ibaitik itsasoraino, beste begirada bat’ Palestinari buruzko zikloa antolatu dute Intxaurrondoko Kultur Etxean

Helburua da Palestinako genozidioari buruzko bestelako gerturatzea eta ikuspuntuak eskaintzea.

Azaroaren 11tik abenduaren 24ra Intxaurrondo Kultur Etxean ikusgai izango den Federico Vespignani italiarraren Short term, but Long Term erakusketaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean: hitzaldi bat (Mikel Aramendi) eta literatur solasaldia euskaraz, Plazara Goaz elkartearekin batera, eta mahai-inguru bat gaztelaniaz Hithem Abdulhaleem palestinarra eta Liliana Cordova Kaczerginski juduarekin. Helburua Palestinako genozidioari buruzko bestelako gerturatzea eta ikuspuntuak eskaintzea da.

Italiarraren proiektua Israelgo IDFko soldaduen Tinder eta antzeko aplikazioetako hainbat profilekin osatuta dago. Irudi bilduma honek, Gazako genozidioaren testuinguruan Israelen zabaldu den kultura militarraren eta heriotzaren erotizazioaren inguruko hausnarketa gordina eragiten du.

Erakusketaren irekiera egunean, azaroaren 11n hain zuzen, Mikel Aramendi kazetari eta filologo itsasondoarrak Sionismoa; traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat hitzaldia emango du, 1947tik gaur egunera arteko gertakarien eta sionismoaren gako nagusien errepasoa eginez. Ondoren, Iratxe Retozalak gidatutako literatur solasaldia izango da Adania Shibliren Detaile xume bat liburuan oinarritua. Bi jarduera hauek Plazara Goaz Intxaurrondoko euskara elkartearekin elkarlanean antolatu dira.

Azaroaren 12an, berriz, Deshumanizar como estrategia mahai-ingurua izango da, Jaime Otamendik gidatua, eta gonbidatu bereziekin.

Alde batetik, Hithem Abdulhaleem psikologian doktorea. Duela 25 urte Euskal Herrian errotutako palestinar honek doktore-tesia egin zuen fundamentalismo erlijiosoaren fenomenoari eta erradikalizazio-prozesuei buruzkoa. Euskal Herrian bizi den komunitate musulmanari buruzko liburu bat argitaratu du, baita Israelgo palestinarren gatazkari eta kulturartekotasunari, elkarrizketari eta kultura-aniztasunaren kudeaketari buruzko hainbat prentsa-artikulu idatzi ere.

Bestetik, hasiera batean Donna Nevel zegoen iragarrita, baina ez da bertan egongo, osasun arrazoiak direla medio. Bere tokia Liliana Cordova Kaczerginskik hartuko du. Liliana Parisen jaio zen eta gurasoak nazien genozidiotik bizirik ateratako lituaniarrak ziren. Israelen ia 15 urtez bizi ondoren, Estatu frantsesera mugitu zen, eta bertan pedagogo gisa egin zuen lan; gaur egun erretreta hartuta Estatu espainiarrean bizi da. Bakearen aldeko Frantziako Juduen Batasunean eta European Jews for a Just Peacen parte hartzen du aktibista gisa, eta International Jewish Antizionist Network sarearen sortzaileetako bat izan zen, 20 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duen elkartea.

Mahai-inguruan Palestinako genozidioaren azterketa politiko eta geopolitikoaren enegarren errepasoa baino, genozidioa ahalbidetu duten bestelako faktore eta gako sozial, hezitzaile eta psikologikoetara hurbiltzeko saiakera egingo da. Indarrean dagoen deshumanizaziora iristeko egindako ibilbidearen gainbegirada bat, hain zuzen ere.

Zabaldu:

Utzi erantzuna