(argazkia: Pamiela argitaletxea)

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute haurrentzako albumak sortzeko ‘Etxepare saria’

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2022ko udazkenean.

Iban Illarramendi ilustratzaileak eta Eider Perez idazleak haurrentzako albumak sortzeko Etxepare saria irabazi dute Kirats lanarekin. Orotara 35 lan aurkeztu dira eta Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epaimahaiak hartu du Kiratsa-ren aldeko erabakia.

Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Epaimahaiaren arabera, “Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola RenE Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak”.

Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa dela ere nabarmendu du epaimahaiak, “esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena”.

5.000 euroko sari bakarra banatu dute, egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2022ko udazkenean.

Zabaldu: