(argazkia: UEMA)

Idiazabal, Azkoitia, Ataun eta Doneztebeko gazteak izan dira aurtengo ‘Arnasetik’ lehiaketako irabazleak

112 sormen lan aurkeztu dira euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako lehiaketaren bigarren deialdian. Lehiaketak arnasguneetako ikasleek euskarazko sormena lantzea eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egitea izan du helburu.

Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren edizioko irabazleak ezagutzera eman dituzte Zarauzko Modelo aretoan antolatutako sari banaketa ekitaldian. Euskararen arnasguneetako gazte ugari izan da bertan, batetik eta bestetik helduta, asteetan zehar egindako hausnarketatik abiatuta egindako lanen emaitza ezagutzeko irrikaz.

Aurreikuspen guztiak gainditu dituzte diote antolatzaileek, “iaz jasotako lan kopurua gainditu, eta kategoria guztiak aintzat hartuz jasotako 112 lanekin jarri da marka berria”.

Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. “Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako”.

Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak antolatutako lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

Sariak

Zarauzko sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak jaso dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Zabaldu: