(Argazkia: Ondarroako Udala)

Idoia Garzes lasarte-oriarrak irabazi du Augustin Zubikarai saria

Garzesek urte guztia edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du.

Idoia Garzes lasarte-oriarrak irabazi du Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera, urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Guztira, 24 proiektu aurkeztu dira lehiaketara eta Garzesek aurkeztu zuen proiektua saritzea erabaki zuen Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.

Mendiko gaitza du izena Garzesen proiektuak, eta nobela beltz atipiko bat da. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat, bere mendi-ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko duena eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dutena. Berezia da Arlet, eleberriko protagonista eta narratzailea: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin.

Idazleak urte guztia edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du. Iazko saria Eneko Barberenak irabazi zuen eta beka hartatik sortu zen Afrikanerrak eleberria.

Garzes 1973an jaio zen Lasarte-Orian. Iazko Xabier Lizardi haur literaturako saria eskuratu zuen, eta narrazio saritu hori Erein argitaletxeak eman zuen argitara: Hari single bat (2019).

Zabaldu: