Merina Gris taldea (argazkia: Donostia Kultura)

Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt Lahoz talde eta bakarlariek hartuko dute parte Donostiako Gure Ahotsak ekimenean

Martxoaren 1etik 7ra bitartean emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan. Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta esperientziadunak oholtza gainean elkartzea du xede ziklo honek.

Aurten ere bost egun iraungo du emakume musikariei ahotsa eta plaza emateko 2019an Donostia Kulturak abiatu zuen eta iaz egun bakarreko emanaldi izatetik bost kontzertuko egitarau izatera igaro zen Gure Ahotsak musika zikloak. Hala, martxoaren 1etik 7ra bitartean, emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan. Hurrenez hurren, Idoia, Neomak, Merina Gris, Laura Sam eta Queralt Lahoz bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatu ahal izango da.

Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta esperientziadunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakume langilearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den ziklo honek.

Ekimena iragartzeko kartela Raisa Alava (Zuhatza, Aiara, 1990) ilustratzaile eta artistak egin du aurtengoan. Bost petalodun lore koloretsu eta bizia ondu du Alavak, zikloan parte hartuko den emakumezkoen talde eta bakarlariez osatua.

Kontzertuetarako sarrerak salgai daude jada Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Zabaldu: