Idurre Eskisabel, Josu Amezaga eta Amelia Barquin ‘Euskara ere normalitaterantz?’ mahai-inguruan

‘Geroa euskaratik’ kanpainaren baitan, elkarlanean antolatu dute mahai-ingurua Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak. Ekainaren 4an izango da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

Kontseiluaren arabera, normalitate berri bat dugu jokoan , “COVID-19ak agerian utzi dituen hutsune eta desberdinkeriei aurre egiteko bestelako neurri eta erabakiak hartu behar baitira”. Eta iparrorratz horretan euskarak ere egon behar duela ziur da, “gizarte berdinzale, kohesionatu eta demokratikoago bat eratu nahi badugu behintzat”, adierazi dute.

Mezu horixe aldarrikatzeko Geroa euskaratik dinamika abiatu du Kontseiluak euskalgintzako nahiz bestelako norbanako zein taldeen babesarekin. Hainbat ekimen antolatu dira, eta horietako bat izango da ekainaren 4an Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo den Euskara ere normalitaterantz? mahai-ingurua. Bertan, Josu Amezaga EHUko soziologoak, Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakasleak eta Amelia Barquin kultur eta hizkuntza aniztasunean eta hezkuntzan aditu den HUEZIko irakasleak parte hartuko dute. Gidari lanetan, berriz, Goizalde Landabaso kazetaria arituko da.

Mahai-inguruan geroari begira eman beharreko urratsei buruz jardungo dira. Izan ere, COVID-19aren krisiak zera erakutsi du: “alde batetik, hizkuntza eskubideak bigarren mailakotzat jotzeko joera dagoela erakunde eta bestelako agenteen partetik, gutxitutako eta zaurgarrienen eskubideak eta beharrak izan direlako kaltetuenak; eta, bestetik, etorkizuna beste modu batera planteatu behar dela, hain zuzen ere, gizarte kohesioa eta bermatzeko”, azaldu dute. Horregatik, mahai-inguru honek azaleratu diren premia, erronka eta aldeketen aurrean, euskarak zein ekarpen eta zentralitate izan beharko lukeen aztertuko du, hainbat ardatzetatik. Izan ere, “euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio batean lagundu dezakeela sinistuta gaude, eta ertz horiei helduz hitz egin nahiko genuke euskararen garapenaz”. Horregatik izenburua: Euskara ere normalitaterantz?.

Martin Ugalde Kultur Parkearen areto nagusian egingo da mahai-ingurua, eta, ondorioz, entzuleek bertatik bertara solasaldia jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, segurtasun neurri guztiak beteta, 25 lagunentzako lekua egongo da. Kopuru mugatua da, beraz, etorri nahi duenak, aldez aurretik izena eman beharko du honako helbidera idatziz: martinugalde@kulturparkea.eus.

Mugak muga eta neurriak neurri, aurrez aurre elkartzearen aukera izatea garrantzitsua dela uste dute Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak. “Elkartzeak eta elkarrekin pentsatu eta jarduteak aparteko garrantzia duela erakutsi digu krisiak”.

Etxean geratu nahi duenarentzat berriz, saioa streaming bidez ere eskainiko du Berriak. Gainera, #geroaeuskaratik traola erabiliz galderak ere egiteko aukera izango dute entzuleek.

Zabaldu: