Argitalpena bi zatitan banatuta dago: lehen zatian, Igeldoko 119 etxe, baserri eta bertan bizi izandako familiei buruzko informazioa bildu da; bigarrenean, aldiz, beste zenbait gai ageri dira: arrokak, eskola, gerra, harrobiak, iturriak, jai giroa, kirolak, ondarea eta beste hamaika kontu.
Jabier Iraola Gabilondok eta bere lantaldeak ondutako Igeldoko historia eta istorioak izeneko liburuak 1000 bat argazki eta hamaika kontakizun zahar jasotzen ditu. 560 orrialdeko argitalpena bi zatitan banatuta dago: lehen zatian, Igeldoko 119 etxe, baserri eta bertan bizi izandako familiei buruzko informazioa bildu da; bigarrenean, aldiz, beste zenbait gai ageri dira: arrokak, eskola, gerra, harrobiak, iturriak, jai giroa, kirolak, ondarea eta beste hamaika kontu.
Duela 5 bat urte hasi zen Iraola baserrien argazki zaharrak biltzen. Igeldoko baserriak galtzen ari zirela ikusita, argazkiak jasotzen hasi zen etxez etxe. Etxeetako argazkiez gain, familia-argazkiak eta aspaldiko usadioei buruzkoak ere eskuratu zituen. Guztira, 2.200 bat argazki lortu zituen eta horietatik mila ikus daitezke liburuan.
Etxez etxeko bisitetan, bertako familiek baserriari, familiari eta garai bateko bizimoduari buruzko informazioa ematen ziotenez, hasiera batean argazki-liburu hutsa izan behar zuena testuaz osatzea erabaki zuen. Ahozko ondarean oinarritutako liburua da, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira liburuaren ardatza.
Igeldoko 100 etxe eta baserriri buruzko informazioa jasotzeaz gain, Igeldoko mugaz kanpoko 11 baserriri ere lekua egin zaie argitalpenean, baserri horietan bizi izan diren familiek Igeldorekin eta igeldoarrekin historikoki izan duten harreman estua dela eta.
Orioko mugatik gertu dagoen Iranguren baserria da Igeldoko baserririk zaharrena. 1.178koa da baserri honen lehen aipamena eta, erorita dagoen arren, haren aztarnak ikus daitezke oraindik.
Galdutako baserriei ere tartea egin zaie. Horietako zortziren argazkiak ikus daitezke baina desagertutako beste batzuen irudirik ezin izan da lortu.
Liburuaren protagonistak herritar arruntak diren arren, ospe handiko pertsona eta familiak hartu zituzten bi etxe aipatzen dira: Otondo eta Eulalia Enea. Kristobal Balentziaga jostunak Igeldoko kaskoan dagoen Otondo baserria erosi zuen XX. mende erdiaren aurretik bere oporrak han igarotzeko. Eulalia Enea etxean, bestalde, Isabel II.a Espainiako erreginaren alaba gazteena, Eulalia infanta, bizi izan zen. Borboiek etxea 1.925ean erosi aurretik, beste pertsona ezagun batek, Orkolaga apaiz-meteorologoak, behatokia (obserbatorioa) jarri zuen 1.901etik 1.905era.
Memoria historikoa berreskuratzeko
Gerra eta soldaduska atalean, 1.936ko gerra zibilak Igeldon eragindako sufrimendua azaltzen da. Atalaren hasieran, 1.936ko irailaren 13an soldadu eta tropa erreketeak Igeldora igo eta Mendizorrotz hartu bitarteko ibilerak irakur daitezke.
Igeldoko baserritarren bizimoduan bada azpimarratzeko kontu bat: emakumeen garrantzia etxeko ekonomian. Emakumeek baserriko lanak egin eta azokara produktuak saltzera joateaz gain, gobadak egiten zituzten. Gobadak egitea Donostian bizi ziren aberatsei eskainitako zerbitzua zen: Igeldoko emakumeak goi mailako jendearen etxetik maindireak eta ohe-arropak igotzen zituzten iturri edo erreketan garbitzeko. Behin garbituta, bide bazterreko harrizko hormen edo larreen gainean zabaltzen zituzten lehor zitezen. Ondoren, maindirez beteriko pisu handiko fardelak Donostiara eramaten zituzten berriro, asto gainean hasieran eta autobusean ondoren. Lanbide horrek XX. mende erdira arte iraun zuen.
Liburuan, hala ere, gobadak egiteko erabiltzen ziren iturriez gain, bestelako iturriak ere bildu dira. Guztira, 22 iturriren argazkiak daude.
Bestalde, ezaguna da Donostiako ikur diren Parte Zaharreko eta Erdialdeko eraikinik esanguratsuenak Igeldoko harrobietatik ateratako harriarekin eraiki zirela, besteak beste: Artzain Onaren katedrala, Bretxako Merkatua edota Victoria Eugenia Antzokia.
Donostiatik hasi eta Orioko mugarainoko itsasaldera ematen duten lurretan harrobia besterik ez zegoen. Zabalik egondako azken 20 harrobien informazioa jasotzen da liburuan. Horiek guztiak XX. mendean zehar itxi ziren. Azkena ixten Amezti harrobia izan zen, 1.984an.
Beste zenbait gai eta atal erakargarri
Beste hainbat gai interesgarri jasotzen ditu liburuak: Igeldoko arroken izenak eta argazkiak ikus daitezke liburuan, itsasotik ikusita. Elizak eta eskolak igeldoarren bizitzan izan zuten eragina ere azaltzen da. XX. mendeko lana eta bizimoduaren berri ematen da eta jaiak nolakoak ziren ere jakin ahal izango dugu. Kirolek, herri kirolek bereziki, tarte garrantzitsua dute eta baita Igeldok duen ondarea ere: Megalito guneak, gotorlekuak, elur zulo eta karobiak, natura ondasunak eta abar. Azkenik, tarte berezia eskaini zaie XX. mendean sortu eta izen handia hartu zuten hiru jarduerei: Akelarre-Ku, Monte Igeldo jolas parkea eta Gudamendi tiro-zelaia.
Igeldoko Herri Kontseiluak euskaraz argitaratu du liburua Donostia Kulturak lagunduta eta salgai dago Donostiako liburu-dendetan 40 euroren truke.