Igelen korroka hotsak Tabakalerara heldu dira

2021az geroztik, Scalak soinu-esperimentaziorako espazio bihurtzen du Tabakalerako eskailera nagusia, arkitekturaren eta entzutearen arteko hartu-emana aztertzen duten artisten eskutik.

Tabakalerak Brekekekex, ko-ax, ko-ax! aurkeztu du, Mikel R. Nietoren (Donostia, 1980) eta Illart Alkortaren (Donostia, 1978) soinu-instalazioa, eta beste behin ere, Donostiako zentroko eskailera nagusia entzute aktiborako espazio bihurtuko duena. Obra sistema sintetiko-ekologiko bat da: igelen kantuaren grabazio errealak abiapuntutzat hartu eta soinua sintetizatzeko prozesuen bidez eraldatzen ditu, etengabe eboluzionatzen doan ingurune akustiko bat sortzeko.

Brekekekex, ko-ax, ko-ax! izenburuak igelaren kantuari egiten dio aipamena Aristofanesen Igelak (K.a. 405) komedian dagoeneko agertzen den onomatopeia baten bidez, soinu horien dimentsio historikoa eta kulturala azpimarratzeko. Orain Tabakaleran aurkeztu duten proiektu hau 2025eko udaberrian abiatu zen, Donostiako Igeldo-Igara inguruko putzu eta hezeguneetan egindako grabazioekin. Bertan, hegoaldeko igelaren (Hyla meridionalis subsp. synthetica) kantuaren patroiak eta ingurunearekiko haien soinu-portaerak aztertu zituzten artistek.

Tabakalerak azaldu duenez, “instalazioak ardatz duen ikerlanak espezieari buruzko aurretiko azterlanak hartu ditu erreferentziatzat, haien artean Madeleine Pailletek 1970eko hamarkadan egindakoak, kantua aktibatzen duten ingurumen-baldintzak —egutegia, ordutegia, tenperatura edo hezetasuna— baita banakoen arteko sinkronizazio-prozesuak eta koruen eratzea ere aztergai hartuta”.

Printzipio biologiko horiek Tabakalerako espazio arkitektonikora ekarri dira etengabe erantzuten diharduen eta modulatzen doan sistema baten bidez. Instalazio bat da horren emaitza, bisitariek soinu-organismo gisa ulertzen dutena; organismo honen patroiak aldatu egiten dira denboran zehar, eta horrek bestelako entzute-esperientzia sorrarazten du bisita bakoitzean.

Nietok eta Alkortak azaldu dutenez, “entzuten duzun korroka hots bakoitzak igelaren soinua adierazten du, pertzepzioari, errealitateari eta gure entzumenak ingurune naturalarekin duen harremanari buruz hausnartzeko aukera ematen duen soinu-objektu bat. Entzuteak espazioan hedatzen den soinu-ekosistema zabalago batean parte hartzea dakar”.

Team Open Acoustic Devices, Aranzadi Zientzia Elkartea eta 11 Hamaiketako Kultur Elkartea dira egitasmo honetako kolaboratzaileak. AudioMoth gailuekin egindako grabazioetatik eta SuperCollider-ekin sintetizatutako soinuetatik abiatuta egin da instalazioa.

Instalazioa Tabakalerako eskailera nagusian egongo da otsailaren 12tik uztailaren 26ra, zentroaren ohiko ordutegian.

Aktibazioak gaueko ordutegian

Tabakalerak instalazioaren hiru aktibazio antolatuko ditu gauez, proiektuak igelen soinuak nola errepikatu, imitatu, sintetizatu eta abstraitzen dituen erakusteko. Zentroa, salbuespen gisa, ohiko ordutegitik kanpo irekiko da, eta testuinguru espezifiko bat eskainiko du soinuaren, entzutearen eta ingurunearen arteko harremanari buruz hausnartzeko. Jarduera irekiak izango dira publikoarentzat, aldez aurretik izena eman beharko da, eta ez da behar aldez aurreko ezagutzarik ez eta ekipamendu berezirik ere parte hartzeko. Izen-ematea Tabakaleraren webgunean edo Zentroko Informazio Gunean egin ahal izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna