Iratxe Orueta eta Mikel Etxaburu izan ziren iazko irabazleak. (argazkia: Arabako F. A.)

Ignacio Aldekoa eta Ernestina de Champourcin literatura lehiaketak abian dira

Martxoaren 31ra arte egongo da epea zabalik Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketara ipuinak aurkezteko. Ernestina de Champourcin poesia lehiaketara, berriz, ekainaren 10era arte egongo da aukera poema bildumak aurkezteko.

Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketa eta Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa aurkeztu ditu Arabako Foru Aldundiak. Lehenak 54. edizioa du eta “ipuinaren edo kontakizun laburraren esparruan lan egiten dutenei lehentasunezko laguntza ematea du xede”, antolatzaileen arabera. Helburua kalitate bereziko literatura lanak saritzea da, jatorrizkoak eta ipuin modalitatean aurretik argitaratu izan ez direnak, gaztelaniaz idatziak, literatura sorkuntza sustatuz eta literatura irudi berriak edo finkatze prozesuan daudenak bilatuz.

Parte hartzaileek ipuin bilduma bat bidali beharko dute. Ipuinak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak (ez bitarteko inprimatuetan, ez digitaletan) izan beharko dira, eta jatorriz gaztelaniaz idatzita egon beharko dira. Parte hartzaileak 16 urtetik gorakoak izango dira.

Saritutako lana Aldundiak lehiaketara bidalitako ipuin bildumarekin batera argitaratuko da. “Azken helburua da sari hori berriz bultzatzea eta nazioartean ikusgarri egitea, eta, horretarako, testuen kalitatea hobetzen ahalegindu behar gara”, adierazi du Ana del Val diputatuak. Irabazleak 12.000 euro jasoko ditu.

Bestetik, Ignacio Aldekoa Beka euskarazko literatura sorkuntzarako bekaren hirugarren edizioa antolatu dute. “2023an sortu zen beka honen helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, literatura ipuinen modalitatean”, adierazi du diputatuak. “Xedea lehiaketa indartzea da, baina formatu desberdinarekin, bertako errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta”, zehaztu duenez.

16 urte edo gehiago dituztenak aurkeztu ahal izango dira, haien bizilekua edo nazionalitatea edozein dela ere. Beka lortzen duenak 8.000 euro jasoko ditu.

Laguntza horiek jasotzeko interesa dutenek jatorrizko ipuin bat aurkeztu beharko dute, argitaratu gabea eta jatorriz euskaraz idatzia. 10-25 orrialdeko luzera izan beharko du. Horrez gain, bekak irauten duen bitartean ipuin bilduma bat egiteko proiektu bat ere aurkeztu behar da. Proiektuan, ateratzen den liburuak zer beste ipuin izango lituzkeen jaso beharko da, eta edukiaren izenburua eta behin-behineko deskribapena sartu beharko dira, egokitzat jotzen diren ezaugarriak zehaztuta, hala nola argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

Ignacio Aldekoa formatu bietarako epea 2025eko martxoaren 31n amaituko da.

Ernestina de Champourcin poesia lehiaketari dagokionez, bi hizkuntza modalitateetan argitaratu beharko da 1994az geroztik egin den bezala. Lehiaketara aurkezten direnek 500 eta 700 bertso arteko poema sorta aurkeztu beharko dute, eta kategoria bakoitzeko onena aukeratuko da. Sariaren hornidura 2.000 euro da modalitate bakoitzerako.  Epea 2025eko ekainaren 10ean amaitzen da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna