Igor Agirrek musika eta pinturaren arteko loturan sakondu du bere azken erakusketan

Erakusketak datorren ostiralean irekiko ditu ateak Gasteizko Orbain Kultur Elkartean eta maiatzaren 31ra arte bisitatu ahal izango da 19:00etatik 21:00etara.

Igor Agirre artista  (Gasteiz, 1973) gogoz itzuli da Gasteizko Orbain Kultur Elkartearentzako ad hoc sortutako No poso izeneko erakusketarekin, “espazio berezia da, urteetan musika, arteak eta eldarnioak batu dituena”, azaldu du. Gasteiztarrak zintzoa izan nahi izan du eta burutik ateratzen zitzaion guztia askatu du, moztu gabe. Hori lortzeko, “akuarelaren aurrean jarri nintzen beste behin ere, haren forma apetatsuak eta kontrolik gabeko urmaelak sortuz”, kontatu du artistak.

Sormen-prozesua, berriz, nahiko automatikoa izan dela dio. ”Nire eskuak libre egiten du lan: ura, pigmentua, papera eta, airea. Hau da, sortze-prozesua hasten da akuarela orbanen gainean bat-bateko marrazkiak interpretatuz”. Lehenik eta behin, papera material urtsuarekin zikintzen du artistak, eta, hortik, marrazkiak sortzen hasten da, bere bizitza markatu duten biniloetan inspirazioa bilatuz. Abestien letrek eta baita diskoen azalen estetikak ere inspiratu dute arabarra. “Etzaten naiz, begiak ixten ditut, pausatzen utzi nauten disko horiek berreskuratu eta entzuten ditut. Orban iradokitzaileen euskarria, ariketa hau osatzeko binetak zehaztuta dauzkat, bolumena beste puntu batean igotzen dut eta marrazkiak inprobisatzen ditut, ariketa zintzoa eta gogorra da, pentsatu gabe sinesten baitut, birbobinatu gabe”. Agirrek azpimarratu duenez, ekintza guztiz askea da, “zirriborroek bizitzaz, heriotzaz, drogaz, sexuaz, protestaz, kezkaz betetako eszena harrigarriak eratzen dituena”.

Orbainen aurkeztuko duen erakusketaren emaitza “nire burutik pasatutakoaren gutun handi bat da, proposatzen ditudan diskoak berrikusten, nire gela apaintzen zuten biniloen barneko goitibeherak bezala, orain neuk itzultzen dizuet utzi didazuen lekua”.

Zabaldu: