Material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.
Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea dira. Baina, 16 urte azpiko herritar gazteek ere zeresan itzela dute euskararen biziberritzean, orokorrean; eta erabileran, bereziki. Garrantzi hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte.
Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek aurkeztu dituzte, gaur, Errenteriko Lekuona fabrikan. Bertan parte hartu dute, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak; eta Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoetako mahaiburuak, eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoetako kideak.
Urkijok adierazi duenez, “proposamen didaktiko hauek Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak. Gainera, “ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari, bai ikasleei dagokienean eta baita gurasoei dagokienean ere. Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustura hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak”.
‘Xaxatzaile’ izateko deia
Euskal Herriko gaztetxoek etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz. Urkijoren hitzetan “Euskaraldiaren xaxatzaileak” izango dira, akuilua erabiliz etxeetan erabileraren aldeko deia egingo dutenak. Izan ere, etxe askotan euskararen berri haur eta nerabe horien eskutik etortzen da soilik.
Lantaldeak ikastetxe guztiei material hau erabiltzeko gonbitea luzatu die, ikastetxe publiko, Ikastola, Kristau Eskola eta bestelako zentroetako kideei. Proposamenak modu erosoan topatuko dituzte Euskaraldiko webgunean: https://euskaraldia.eus/proposamen-didaktikoak2025
Material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.
Horretarako, orain arte ez bezala, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema ezberdinei erantzuteko (iparraldean eta hegoaldean ikasleen mailaketa ez da berdin antolatzen) adin tarteka osatu dira proposamenak: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte). “Proposamen guztiek egitura berbera dute, oro har, ikastetxeetan aplikatzeko lana errazteko eta ikasleen arteko kidetzeak antolatzeko -hau da adin tarte ezberdinetako ikasleak elkarrekin aritzeko-, modua emateko”, adierazi du Lasak.
Proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketan martxan dela eta ondoren egiteko jarduerak eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta: “Labur esanda, material didaktiko honetan hezitzaileek zera aurkituko dute: Euskaraldiaren inguruan egiteko 11 jarduera ikasleekin hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko”, borobildu du Lasak.
Gainera, materialaren moldagarritasuna nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, material didaktikoak 11 jarduera eskaintzen dituen arren, ez dute sekuentzia itxi bat osatzen. Beraz, haurren ezaugarriak kontuan izanik, hezitzaileek zein jarduera egingo dituen eta nola aukeratu ahal izango du.
Ikasleekin proposamen hauek lantzeaz gain, ikastetxeak ere entitate moduan izena ematera gonbidatu ditu Urkijok: “Euskaraldia sustatu eta kideei informazioa partekatzeko, Euskaraldia ikusgarri egiteko, eta euskararen erabileran pausoak emateko gakoak emango dizkiegu izena ematen dutenei”. Entitate bezala izena emateko aukera www.euskaraldia.eus orrialdean dago.