(argazkia: Korrika)

Ikastetxe eta euskaltegietarako 22. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

Bilduma www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri, eta ikastetxeetarako unitate sorta osorik on-line lantzeko aukera dago.

AEK/Korrikako eta Ikastolen Elkarteko arduradunek Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoen bilduma aurkeztu dute, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, bertako ikasleen laguntzarekin.

Unitate didaktiko hauek “gure bi erakundeen sinergiaren emaitza” direla adierazi du Asier Amondo Korrikako arduradunak. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian, eta Euskal Herri euskaldunaren alde lanean diharduten bi erakundeen elkarlana azpimarratu du: “Ikastolontzat ohore handia da ekimen honetan parte hartzea”. Horrez gain, Tellituren esanetan, Korrikak “hamar-hamabi egunez haize freskoa eramaten dio tokian tokiko euskalgintzari”.

Bilduma bi material sortaz osaturik dagoela zehaztu dute: hezkuntza zentroei zuzendutakoa eta euskaltegietarako sorta.

Lehenengoei dagokienez, unitateek hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen dituzte, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean. Iñaki Zapirain unitateen egileak aipatu duenez, “aurtengo nobedadeen artean ipuin baten bideoa dugu, Pilota gorri batekin ipuina, alegia; Gaizka Chamizo aktorearekin egindako elkarlana. Bestalde, unitateetan aurtengo Korrikaren kanta, dokumentala eta omenduak ere jorratzen dira, eduki bakoitza maila ezberdinetara egokitua”. Irakasleek unitate guztiak on-line landu ahalko dituzte, www.korrika.eus/unitate-didaktikoak/ webgunean.

Amaia Lopez de Luzuriagak, bere aldetik, euskaltegietarako atazak aurkeztu ditu eta adierazi duenez, aurten Korrikaren hainbat mugarriren inguruan sortu dituzte atazak; eta, horrez gain, aberasgarritzat jo du jolas interaktiboen erabilera, “hainbat trebetasun lantzeko balio baitu”. Bestetik, aipamen berezia egin die gurasoentzat sortutako atazei, euskaraz ikasten ari diren guraso eta umeen arteko transmisioan eragitea helburu izanik.

Kolegioko ikasleak, protagonista

Didaktikarien azalpenez gain, unitateen erakustaldi laburra egin dute Piarres Larzabal kolegioko ikasleek, 22. Korrikaren kantaren koreografia dantzatuz. Bestalde, kazetari lanak ere egin dituzte Ziburuko gazteek, eta bertaratutakoei Korrikaren gaineko galderak egin dizkiete.

Unitate didaktiko bilduma eskuragarri dago www.korrika.eus webgunean, Unitate didaktikoak atalean.

Zabaldu: