Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta dira egun horretan, Euskalduna Jauregian parte hartuko duten musikariak.
Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez euskararen eta euskal kulturaren bost plaza handi izaten dira urtero. Euskal musikari, kantari, dantzari eta ikuskizunetako hamaika artistaren adierazpenaren erakusleiho erraldoiak ere izaten dira. Iaz eta aurten baina, ezin izan dira ohiko formatuan antolatu, eta Euskal Herriko ikastolek ez dute hutsik utzi nahi izan aurtengo urtea ere. Horregatik, plaza horietako lagin bat prestatu dute azaroaren 27ko jaialdian erakusteko.
Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako abesbatza, Julen Alonso, Amak taldea eta Eñaut Elorrieta dira egun horretan, Bilboko Euskalduna Jauregian parte hartuko duten musikariak. Horietako hiru gaurko agerraldian izan dira: Maixa Lizarribar (Amak taldea), Julen Alonso eta Eñaut Elorrieta, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Elkar taldeko ordezkari Andres Camio Jitu-rekin batera. Iazko jaialdian bezala, aurten ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Iluntzeko 20:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan, Euskalduna jauregiaren webgunean.
Euskal Herriko ikastolen aldeko jaien aurtengo edizioak formatu txikian egin behar izan dituzte. “Urriaren 17an Lizarran ospatutako jaia izan zen gure ohiko jaien ezaugarrietara hurbildu zen bakarra, baina antolaketan aritu diren talde guztiek lanean jardun dute denbora guztian, baita boluntario andanak ere, aldiro egoerara egokitzen eta aurrez antolatutako ekintzak berregokitzen. Une batzuetan, pandemiak ezartzen zizkigun mugen ondorioz, gure-gureak ditugun ezaugarrietako batzuei uko egin behar izan diegu: parte-hartzeari, herrigintzari, auzolanari… Oso gogorra izan da hainbatetan”, azaldu dute.
Ekonomikoki ere helburuetatik urruti geratu direla nabarmendu dute; “hori jakina genuen kasik aurretik ere. Egia esan, pandemiak baldintzatutako egoerara moldatuta, eta zenbaitetan eguraldia lagun izan ez badugu ere, gure ustea da formatu txikiagoan izanik ere lortu dugula, gutxienez, iazko argazki desolatuari buelta ematea, eta heldu den urteko jaietarako ideiez eta gogoz berriturik iritsiko gara. Halere, iaz bezala, jai guztien artean itxiera orokor bat eman nahi izan diogu pandemiaren bigarren urte honi, eta horretarako antolatu dugu ekitaldi nazional hau”, adierazi dute.