(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Ikastolek eta Euskaltzaindiak ‘Batasunaren bidean’ giza katea antolatu dute euskara batuari gorazarre egiteko, martxoaren 24an

Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

Martxoaren 24an, ostirala, Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean, “euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko”. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

Milaka gazte, nerabe eta herritarrek osatuko duten giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko.

Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko ikastola ugaritako gazte eta nerabek osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Antolatzaileek adierazi dutenez, “parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia ere egin diete”.

Goizeko 11:00etan emango diote hasiera giza kateari eta 11:30era arte iraungo du. Une horretarako, bost gune egokituko dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.

Euskara batua, herritik sortua eta continuum-aren garrantzia

Euskara Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroituko ditu ekimenak. Baina, sustatzaileek azpimarratu duten moduan, “euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, eta horietako asko anonimoak dira. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez”. Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakarra. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoa, eta horiek guztiek osatzen duten continuum-a da giza kateak irudikatu nahi duena.

Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak balioan jarri nahi duena. “Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua”.

Transmisioa, ekimenaren ardatz

Zentzu horretan, ikastolek euskara batuari zor diotena eta euskara batuak ikastolei zor diena izango dira Batasunaren bidean giza katearen oinarrietako bat. Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista. Horregatik, izaera koloretsu eta baikorra izango du ekimenak. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta beraren bilakaera adieraziko zaizkie.

Gainera, Euskaltzaindiak herritar guztientzako prestatu duen dokumentua, Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria izenekoa, zabalduko da. Bertan, euskara batuaren sorreraren ibilbide historikoa ezaugarritzen duten gako nagusiak azaltzen ditu Euskararen Akademiak.

Bereziki aipatuko diren Euskara Batuaren sustatzaileen zerrenda: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Egun berean, arratsaldeko 17:30ean, ekitaldi instituzionala egingo dute Errenteriako Udalaren Areto Nagusian. Bertan izango dira ekimenaren antolatzaileak, Ikastolak eta Euskaltzaindiako kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta Euskalgintzako eragileak. Giza katean bezala, arratsaldeko ekitaldian ere omenduko dira euskara batuaren sustatzaileak.

Zabaldu: