Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak ikasturte honen amaierarekin batera hartuko du erretiroa.
Jose Luis Sukiak ia berrogei urte eman ditu ikastolen mugimenduari lotuta, profesionalki zein pertsonalki. “Ikastolen egonkortasuna ziurtatzea izan da bere egiteko nagusia, eta egoskortasunez bete du bere egitekoa”, adierazi du elkarteak. Ikastolek joan den astean egin zioten agurra, urteroko Batzar Nagusian.
Sukiak ibilbide luzea egin du ikastolen mugimenduan. Bere jaioterrian hasi zen, Ordiziako Jakintza ikastolan, kudeatzaile lanetan, eta handik Partaidera salto egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek publifikazioaren oldarraldiari erantzuteko erakundea sortu zutenean, 1995ean, eta hamabost urtez izan zen zuzendari. Ikastolen seigarren Batzarrean Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortzea erabaki zenetik, ikastola guztiak batzen diren erakundeko Zuzendaritza taldean egon da ordiziarra. 2009tik 2016ra Egonkortasun arduradun gisa aritu zen. 2016. urtean, berriz, hartu zuen Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi kargua, urte horretan bertan erretiroa hartu zuen Imanol Igeregiren lekukoa hartuz. Ordutik hona, EHI aritu da gidatzen.
Egonkortasun arduradun gisa eta zuzendari nagusi bezala, 2009ko Ikastolen Batzarrean hartu ziren erabakiak aurrera ateratzen aritu den zuzendaritza taldeko kidea izan da Sukia, eta zazpigarren Batzarrak markatuko du haren ibilbidearen amaiera Ikastolen Elkartean.
Izan Jakintza ikastolan, izan Partaiden edo izan Ikastolen Elkartean, kudeaketa izan da Sukiaren egiteko nagusia. “Aurrekontuak, kudeaketa eta bideragarritasun planak eta haien jarraipena… EHIrentzat bezala, ikastolentzat, Ikaselkar edota Elkartasun Kutxarentzat, sekretu gutxi ditu deskubritu gabe zenbakien, batuketen, kenketen, eta bestelako eragiketen munduan. Negoziatzeko orduan ere zorrotza, egoskorra ere bai behar denean; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin kontzertazioak, moduluak eta gainerakoak lortzeko elkarrizketetan, azken uneraino amore emateko prest ez dagoena, eta, zenbaitetan, azken unean ere eman ez duena”, nabarmendu du elkarteak. “Esan ohi den moduan, inor ez da ezinbestekoa, baina batzuek arrasto handia uzten dute beren ibilbidean. Sukia da horietako bat”.
Agurrean, dena den, Sukiak berak esan zuen arlo askotan ez dela eredugarri izan, baina ikastolei dien maitasuna jarri zuen bere alde onen artean nagusi. Ikastolek erronka ugari dituela aurrean azaldu zuen, baina etorkizuna ere handia dutela. “Beti esan izan dut: ikastolak existituko ez balira, asmatu egin beharko lirateke”. Txapel bat, oroigarri bat eta aurresku batekin agurtu zuten ikastolek Sukia, “erretreta gertu dauka, baina aurrerantzean ere ez da ikastoletatik oso urrun ibiliko”.