Proposamenak euskararen lurralde guztietako gazteekin batera, euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa kritikoa bultzatu nahi du.
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak (EHI) eta Euskaltzaindiak gazteen artean euskararen inguruko hausnarketa bultzatzeko unitate didaktiko digitala sortu dute. Akademiaren mendeurreneko egitasmoen azken emaitza da unitate didaktikoa, aurrerantzean Euskal Herriko ikastetxe guztiei zabalduko zaiena. “Gazteak dira euskararen herria ehuntzen jarraituko dutenak, eta euskara biziberritzeko beraien parte-hartzea ezinbestekoa da”, azaldu du aurkezpenean Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak. “Euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizartearekin konprometitzen diren ikasleak hezteko bidean, pausu berri bat eman nahi dugu elkarrekin”, gaineratu du. Hortaz, unitate didaktikoak helburu zehatza dauka: euskararen inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea Euskal Herriko gazteekin batera.
Euskaltzaindiak mendea bete zuen 2019an, eta lehen ehun urteak ospatzeko prestatu zuen egitarauaren baitan, egokia iruditu zitzaion euskararen iraganeko, egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruko hausnarketa bultzatzea euskararen lurralde guztietako gazteekin batera. Honela, ikasleek bizi duten ingurunearen azterketa soziolinguistikoa egingo dute, baina soziolinguistika hitzaren bi osagaien adiera aztertuz, hau da, ikuspegi soziologikoa eta linguistikoa. Finean, beraien egunerokoan euskarak duen presentziaz hausnartuko dute.
Horretarako, Akademiak galdera batzuk proposatu dizkie gazteei, amu gisa: “zein da euskarak zure inguru hurbilean duen presentzia? Zergatik dira euskara edo erdarak zure hizkuntzak? Zein ekarpen egin diezaioket bertako dugun hizkuntza honi? Zein ekarpen egiten dio euskarak eguneroko elkarbizitzari?”
XXI. mendeko euskal hiztunak ditu gogoan Euskaltzaindiak erronka hau proposatzerakoan. Jorratzen diren gaiek heldutasuna eta hausnarketa kritikoa eskatzen dutenez, Batxilergoko ikasleei zuzendutakoa da, bai lehenengo mailarako, bai bigarrenerako.
EHIrekin elkarlanean
Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortu da unitate didaktikoa, baina Akademiaren asmoa da proiektua Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabaltzea. “Gainera, unitatea ikastetxeetan erabili ahala etengabe hobetu eta eguneratuko dugu” nabarmendu Urkiak.
Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, eta aitortu du tresna digital berri honekin gazteek “gure errealitate soziolinguistikoa eta gure inguruko hizkuntza gutxituena” ezagutzeko aukera izango dutela. Eta gurari bat lotu dio aurreko esaldiari: “Agian, etorkizun hurbilean ezagutza horrek berak bihurtuko ditu eragile euskararen normalizazioan”. Azken finean “ikastolako ibilbidea amaitzerakoan gure ikasleak euskaldun eleanitz izan daitezen lortu nahi dugu, baina baita euskaldun konprometitu izan daitezen ere”, gogoratu du Tellituk.