(argazkia: Uhinak)

Iker Martinez musikariak ‘Hegaldiak’ izeneko diskoa kaleratu du

Aurreko bi diskoetako kantu goibelak alde batera utzi eta disko alaiagoa dakar musikariak Zaldi Herrenak taldearekin batera.

Helgaldiak izenpean dator Iker Martinez musikariaren (Oñati, 1977) disko berria. Bakarkako bidean argitaratzen duen hirugarren lana du gipuzkoarrak, aurretik Itzalen munduan (2017) eta Lurralde berriak (2019) diskoak eman ditu argitara Zaldi Herrenak taldearen laguntzarekin.

Hirugarren disko honetarako, lehen aldiz taldearekin elkarlanean jorratu ditu kantuak Martinezek, izan ere, musikariak berak sortutako melodiak eta hitzak denen artean landu dituzte.

Lan berrian aurreko bi diskoetako kantu eta kontu goibelak indarra galduz joan dira, kantu alaiagoei lekua utziz. “Soinu akustiko eta organikoetatik asko urrundu gabe, Zaldi Herrenak taldeak azal elektrikoagoa eman die kantuei, soinu biziago eta trinkoagoa lortuz. “Abesti itsaskorrak dira, leunki aurrera egiten dutenak, airean hegan joango balira bezala”. Hortik dator diskoaren azala bera ere: Iker eta Zaldi Herrenak dira, eguzkia zeharkatuz, leunki eta aske, diskoa osatzen duten hamar “hegaldietan”.

Hitzei dagokienez, Martinezen harreman sarearen isla dira: inguruan izan dituen maitale eta lagunei idazten die, harremanetako ñabardura txikiak azalaraziz, betiere tonu alai eta jostalarian. Gauza txikien garrantzi handiaz ari da, orainaren garrantziaz, garena era soil eta lasaian izan eta bizitzearen garrantziaz.

Itxi begiak aurrerapen kantua eta bideoklipa

Diskoarekin batera, aurrerapen kantua eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte. Donostiako Londres hotelean grabatu zuten pasa den uztailean, zinemarako erabiltzen den kamera berezi batekin. Laszlo hace ekoiztetxearen eskutik. Itxi begiak abestian, emozioak bere soiltasunean bizitzeari buruz ari dira, gauza txiki horien guztien edertasunaz.

Zabaldu: