(argazkia: Irekia)

Ikerketa talde batek amatasuna jorratzen duten Euskal Herriko kultura ekoizpenak aztertu ditu

Kontzientzia feminista zabaltzearekin batera, zainketen errebindikazio eta errebalorizazioak eta amatasuna desmitifikatzeko saiakerak emakume asko euren amatasun edo ez-amatasun esperientziak euren sorkuntzetan inspirazio iturri gisa erabiltzera eraman ditu.

Emakundek emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikerlanei ematen dien bekaren emaitza da Maternidades a debate en la producción cultural izeneko ikerketa. Elixabete Imaz EHUko irakasleak zuzendu du Mercedes Bogino, Ane Arruabarrena, Iosune Fernandez-Centeno, Irati Lafragua eta Silvia Lopezen laguntzarekin.

Aztertu dituzten materialek amatasun eredu normatiboak kritikatzen dituzten eta esperientziak partekatu eta eztabaidatzea bilatzen duten bizipen pertsonaletan dute jatorria. Lan horien bidez, hainbat diziplinatan (idazketa, ilustrazioa, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musikalak eta beste batzuk), amatasunen eta amatasun ezaren inguruan sortzen ari diren eztabaida sozialak aztertu dituzte.

Feminismoek produktu kulturalen sorreran duten protagonismoa eta eragina identifikatzeaz gain, antropologiatik, soziologiatik eta komunikazio zientzietatik datorren diziplina anitzeko ikerketa talde honen beste helburuetako bat izan da ekoizpen kulturalak amatasunen eta amatasun-ezaren inguruan eztabaida soziala eta eragin politikoa sortzeko duen gaitasuna kontuan hartzea.

Hala, begirada feminista batetik hainbat produktu kultural bilatu, bildu, sailkatu eta aztertu dituzte. Denak Euskal Herrian 2018tik 2024ko maiatzera bitartean sortutakoak dira eta amatasuna ardatz dutenak. Tartean dira, Katixa Agirreren Amek ez dute eta Monica Cresporen Ama sekretuak; Jaione Cambordaren O Corno eta Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos filmak; Amaraun eta Yerma antzezlanak eta Ama ta asunak eta Materiales maternales erakusketak. Horrez gain, La Furiaren Ama bezalako abestiak ere aukeratu dituzte eta sare sozialetako edukiak sakon aztertu, ‘mamas influencers’ fenomenoa ardatz hartuta.

Esperientzia inspirazio iturri gisa

Ikerketa osatzeko, egileekin elkarrizketa pertsonalak egin dituzte, amatasunaren edo amatasun ezaren esperientzia inspirazio nola bihur daitekeen ikusteko. Izan ere, nahiz eta gaia unibertsala izan, “harrigarria da arte-sorkuntzetan hain gutxi esploratu izana”. Azken hamarkadan gai horren presentzia handiagoa sumatzen da.

“Kontzientzia feminista zabaltzearekin batera, zainketen errebindikazio eta errebalorizazioak eta amatasuna desmitifikatzeko saiakerak emakume asko euren amatasun edo ez-amatasun esperientziak euren sorkuntzetan inspirazio iturri gisa erabiltzera eraman ditu”, diote ikerlariek.

Nabarmendu dutenez, “emakumeak dira, beren ezagutzaren bidez, ama gisa duten esperientziaz hitz egiten dutenak, eta horrek amatasuna entzuna izatea aldarrikatzen duen espazio bihurtzen du artelana”. Ikerlanean zehar, egileek zenbait azterketa-ardatz planteatzen dituzte, ekoizpenek amatasun-ereduak ilustratzeko edo irudikatzeko moduari, esperientzia emozionalari edo amatasuna emakumeen aniztasunetik interpretatzeko moduari dagokienez.

Ikerketa taldeak azpimarratu du, halaber, kultur produktu horiek ez daudela amentzat bakarrik sortuak. “Zuzenean haiengana hurbiltzen ez diren pertsonei eragiteko potentziala ere badutela uste dugu. Ez bakarrik isilarazita zegoenari ahotsa emateko, baizik eta galderak sortzeko, erantzunak aurkitzeko eta hausnarketara gonbidatzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna