Baionako Herriko Etxean egin den Ageriko bilkuran, Euskararen Akademiak ikur-diplomak banatu ditu 2021ean izendatutako urgazle berrien artean.
Euskaltzaindiak ikur-diplomak banatu dizkie iaz izendatutako urgazle berriei. Ageriko bilkura Baionako Herriko Etxean izan da, txistularien musikak girotu duela ekitaldia. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Parrilla Etchart Baionako auzapezordeak egin die harrera urgazle berriei. Bere mintzaldian, Urrutiak gogoratu die Akademiak kontuan izan dituela beraien merituak euskararen alorrean, baina ondoren etorkizunari begira jarri da Urrutia: “Izendatuak izan zarete, eta orain dator bigarrena, alegia, zuen lanak eta ahaleginak gauzatzea Akademiaren barruan. Laster jakingo duzue nolakoa izango den zuen partaidetza, Akademiaren egunerokotasuna ezagutu dezazuen eta zuen ekarpenak egin ditzazuen”. “Orain artekoa nahiz etorkizunekoa, Euskaltzaindiak premiazkoa du zuen lana”, gaineratu du euskaltzainburuak.
Hau da 2021ean urgazle izendatutako euskaltzaleen zerrenda. Gogoratu behar da Gipuzkoakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta Bizkaikoak baino ez zirela izendatu iaz, Arabakoak 2015eko uztailaren 17an izendatu baitziren, eta Nafarroako azken urgazleak 2016ko apirilaren 29an:
Bizkaia: Libe Agirre (Meñaka, 1961); Eneko Barrutia (Bilbo, 1966); Eba Gaminde (Mungia, 1968); Pedro Maria Goikoetxea (Lezama, 1959); Nerea Mujika (Durango, 1960); Elixabete Piñol (Bilbo, 1965). Gipuzkoa: Kike Amonarriz (Tolosa, 1961); Nerea Azurmendi (Legazpi, 1961); Asun Garikano (Tolosa, 1962); Aizpea Goenaga (Donostia, 1959); Oroitz Jauregi (Legorreta, 1974); Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966). Ipar Euskal Herria: Mixel Aurnague (Baigorri, 1963); Eneko Bidegain (Baiona, 1975); Itxaro Borda (Oragarre, 1959); Pantxoa Etxegoin (Jatsu, 1960); Marie-Andrée Ouret (Suhuskune, 1970). Euskal Herritik kanpokoak: Manuel Gonzalez (Beba –Mazaricos−, A Coruña, 1951); Mikel Morris (Denver, Colorado, AEB, 1957).