Ikusi eta Ikasi umeen aisialdirako eta hezkuntzarako euskarazko programa abian da, Bilbon

4 eta 10 urte bitarteko haurrei euren familiekin gozatzeko euskarazko jarduerak antolatu dituzte ekainaren 10era arte.

Ikusi eta Ikasi programa Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalarekin elkarlanean garatzen du, eta 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoei euskaraz, dibertsiorako aukerak eskaintzea du helburu, “euskarazko aisialdi hezigarria sustatuz”, azaldu dute.

Programa ekainaren 10era arte garatuko da. Hala, apirilaren 27ra arte programatu diren jarduerak online izango dira, eta maiatzaren 6tik aurrera aurrez aurrekoak, osasun egoerak aukera ematen badu, eta betiere unean-unean indarrean diren arau eta gomendioak kontutan hartuta.

Online eskainiko diren saioei dagokienez, gorputz ariketa, musika eta eskulanetako tailerrak eskainiko dira, guztira 22. Jakinarazi dutenez, ez da beharrezkoa izango izena ematea. Tailerrak webgunean egongo dira ikusgai hiru egunez.

Saioak bi motatakoak izango dira: Lagun artean 8 eta 10 urte bitarteko gazteentzat, eta Familia 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Zuriñe Hidalgo izango da aurkezlea eta saioetan Makusi programako maskota izango dute lagun umeek eta haien familiek.

Aurrez aurreko saioak, berriz, hamabi izango dira, zirku, magia eta eskulanen ingurukoak, besteak beste, eta auzoetako udaltegietan egingo dira, baita El Carmen ekitaldi aretoan ere. Programatutako zuzeneko ikuskizunetan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik webgunean, martxoaren 1etik eta 8ra bitartean, biak barne. Interesa duten familien artean zozketa bat egingo da, eta nahi beste ikuskizunetarako eman ahal izango dute izena: hala ere, pertsona bakoitza ikuskizun batera edo bira joan ahal izango da gehienez; hartara, ahalik eta familia gehienek parte hartu ahal izango dute.

Bestalde, maiatzaren 15ean familiek aukera izango dute Ikusi eta Ikasi programaren kanta sortzeko prozesuan parte hartzeko. Parte hartu ahal izango duen jende kopurua mugatua izango denez, interesa dutenek izena eman beharko dute webgunearen bidez, martxoaren 1etik 8ra.

Euskararen hazia

Amaitzeko, 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoen familiek beren etxeetan jasoko dute programaren gaineko informazio liburuxka; oraingo honetan, haziekin egindako orri markatzaile bat jasoko dute programaren gaineko informazioarekin batera, “euskararen hazia” balitz bezala.

Zabaldu: