(argazkia: Teknikariok sindikatua)

Ikuskizunetako teknikariek mobilizazioak iragarri dituzte, Hitzarmen Kolektibo duin baten alde

Grebak eta lanuzteak egingo dituztela iragartzeaz gain, Lan Ikuskaritzan hainbat enpresaren aurkako salaketak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute.

Teknikariok, ESK, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek —EAEko ikuskizunen eta ekitaldien lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiko kide guztiek— negoziazioak une honetan bizi duen blokeoa salatu dute Bilboko Euskalduna jauregian egin duten prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, “bi urte igaro dira EAEko ikuskizun eta ekitaldien hitzarmena negoziatzeko lehen mahaia eratu zenetik. Eguneroko oinarrizko eskubideen urraketa eta prekarietateak markatutako sektorea da gurea eta langileok horren aurka egin nahi izan dugu”.

Diotenez, “enpresa askok sektorearen antolamendu eta ekoizpen-berezitasunak baliatu izan dituzte, praktikan, Langileen Estatutuan jada jasota dauden gutxieneko eskubideetako batzuk ere egunerokora irits ez daitezen. Lanbide gehienetan segurutzat jotzen diren oinarrizko eskubideak zapaldu egiten dira gurean, jardueraren aldizkakotasuna aitzakia hartuta”.

Sektorea erregulatzeko eta neurriz kanpoko praktikekin amaitzeko, mahaia eratu zenetik, sindikatuek konpromiso sendoa erakutsi dutela nabarmendu dute. Hala ere, “badirudi patronala (sektoreko enpresa gehienak biltzen dituen EUKI Elkarteak ordezkatuta) gehiago dagoela praxi txarrak eta gaur arte jasandako eskubide-urraketak idatziz finkatzeko saiakeran, akordioak lortzeko benetako saiakeran baino. Besteak beste, EUKIk langileei bizitza pertsonala eta familiarra bateragarri egiteko eskubidea ukatu nahi die praktikan. Izan ere, ordutegiak, egutegiak eta lan-txandak guztiz onartezinak diren aurrerapenarekin eman nahi ditu”, salatu dute.

Enpresek haien jarduera erosotasunez eta malgutasun osoz kudeatu nahi dutela azpimarratu dute eta, horretarako, langileei beren bizitza (eta ingurukoena) antolatzeko aukera ukatu nahi diete. Alegia, etengabeko prestasun egoeran egotera behartu nahi dituzte, inolako konpentsaziorik eman gabe.

Euren ustez, “zuzenbidearen aurkako jarrera immobilista horren aurrean, gaur gaurkoz ez dago negoziazioei berriro heltzeko benetako baldintzarik. Bitartean, neurriz gaindiko jarrerek eta lege-urraketek presente jarraitzen dute. Hitzarmen bidez patronalaren jarrera zuritu eta berresteari uko egiten diogunez, EUKIk negoziazioak blokeatu besterik ez ditu egiten”.

Guzti horren aurrean, laster grebak, lanuzteak eta bestelako ekintzak iragarriko dituzte, “gure eskubideen defentsan eta Hitzarmen Kolektibo duin baten alde; ez patronalaren gehiegikerientzako txeke zuri baten alde”.

Kanpaina abiatu dute jada eta sektoreko hainbat enpresaren aurka Lan Ikuskaritzan hainbat enpresaren aurkako salaketak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Izan ere, “negoziazioaren blokeoa baliatzen jarraitzen dute oinarrizko lan-araudia etengabe urratzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna