Sarai Robles kanturako prest 34. Bertsoaroko II. Bertso Jaialdia (argazkia: Bertsozale)

“Ikusle mordoa eta giro ederra” izan da Nafarroako 34. Bertsoaroan

Bertsozale Elkartearen arabera, “aro honek Iruñean duen garrantzia berretsi dugu, eta ondorioz, egitasmoa zaintzeko, elikatzeko eta berritzeko bideak bilatzeko grina sentitzen dugu”.

Oraindik amaitu ez bada ere, aurtengo Nafarroako Bertsoaroari buruzko balantzea egin du jada Bertsozale Elkarteak. Saio guztietan “ikusle mordoa eta giro ederra” izan dela nabarmendu du, “ondo errotuta dagoena eta fruitua ematen duena, zertarako aldatu? Adibide horietako bat da Bertsoaroa. Iruñerrian sustraituta dagoen ekitaldiak 34. aldia du aurtengoa”, adierazi dute. Otsailaren 4an eman zitzaion hasiera, “abenturaz eta umorez jositako bertso-tramarekin”. Aurtengo aldiaren nobedadeetako bat izan da bertso-trama, eta ikusleek eskertu dute berrikuntza. Kondestable Civivoseko patioan egin zen saioa, eta etxeko terrazan nola, hala sentitu ziren ikusleak: “goxo eta gertuko”.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat Iruñeko Historia Bertsotan saioa izan da. “Hiriburuko historian eta istorioetan murgildu ziren ikusleak, Joseba Asironen kontakizunak eta Ainhoa Larretxeak jarritako gaien baitan Saioa Alkaizak eta Sustrai Colinak kantatutako bertsoak entzunda”.

Horrez gain, ohikoagoak diren bertso jaialdiak eta tailerrak izan dira. Horiek ere “erantzun ona” izan dutela baloratu dute antolatzaileek, “jende asko erakarri dute eta giro ederrean ospatu dira”.

 Bertso saioak besteko bertso plazak izan dira aurtengoak. Ekintza bakoitzari neurriko soinekoa janzten ahalegindu da antolakuntza, saio bakoitza areto desberdin batean eginda. Honela, gainera, “bertsoa hiriko txoko desberdinetara eraman dugu” eta, honenbestez, zabaldu”.

Bestetik, saio guztiek “erantzun polita” izan dutela azpimarratu dute, “ikusleen kopuruak gora egin du berriro”.  Bereziki bertso saio historikoan jarri dute azpimarra. Izan ere, antolatzen zen lehen aldia izanda, ez zekiten zer nolako harrera izango zuen. Asmatu zuten, ordea, 300 lagun inguru elkartu baitziren saioan. Honek, aurrera begira “formatu berriak esploratzen jarraitzeko gogoa piztu digu”.

Unean uneko bertsolaritza, kalitatez eta aniztasunez Iruñera ekartzeko helburua du ekimenak, eta, antolatzaileen ustetan, aurten ere helburua bete da, “jendea bertsoa entzuteko gogoz dago eta formatu berriak eskertu ditu. Adin ezberdinetako bertsolari zein bertsozaleak gerturatu dira saioetara”. Dena den, aroa mahai bueltan amaituko da, ostegunean, otsailak 27, bertso-afariarekin. “34. Bertsoaroaren postre ederra” izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, aurtengo ediziora ginga jarriko diona.

Ez da goiz, ordea, Bertsoaroa bertsozaleen egutegietan presente dagoela esateko. “Aro honek Iruñean duen garrantzia berretsi dugu, eta ondorioz, egitasmoa zaintzeko, elikatzeko eta berritzeko bideak bilatzeko grina sentitzen dugu”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna